
Otsailaren 6an, Anarru Egune dokumentala estreinatuko dute Bakioko Probalekuan.
2024an, herriko historiaren eta tradizioaren leihoa zabaldu zuten hainbat bakiotarrek, konturatzeko berezko jai eder bat ospatzen zutela antzinako herritarrek. Horrela, ikerketa horretatik abiatuz, duela mende bat galduriko ihauteria berreskuratu zuten, Anarru Eguna izendaturikoa. Antzinako ihauteri horren berreskurapen prozesua aitortu eta hauspotzeko asmoz, Bakioko Udalak eta Itxas-alde dantza taldeak dokumental bat sustatu dute, eta otsailaren 6an estreinatuko da, 19:00etan, herriko probalekuan. Sartzeko doako txartelak Kultur Etxean jaso beharko dira.
Dokumentalak hainbat testigantza bildu ditu: antzinako inauteriak oraindik gogoratzen dituzten herriko jende nagusiarenak, Thierry Truffault eta Aitzpea Leizaola antropologoenak, 90eko hamarkadaren hasieran Lezoko inauteriak berreskuratzeaz arduratu zen Joseba Aurkenerena historialariarena eta Oier Araolaza dantzari eta kazetari gipuzkoarrarena ere, besteak beste. Testigantza horiek fikzioarekin eta Anarru Egunetako irudiekin nahastuta ageriko dira.
Ikus-entzunezkoa Zuberoa Andresek zuzendu eta Maule Productionsek ekoitzi du, eta Kalakan talde lapurtarraren soinu-banda izan du. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza jaso du egitasmoak.
Herritik herriarentzako sortua da dokumentala, Anarru Eguna bera bezala. Horregatik, herritarrak estreinaldira gonbidatuz, elkarrekin hausnartzen, eraikitzen eta amesten jarraitzeko deia egin dute sustatzaileek.
‘Anarru’ berbaren jatorria argitzen
Bakion egin duten ikerketari esker, ez dute ospakizun bat soilik berreskuratu. Izan ere, herriko hizkuntzaren parte den anarru berba ere ekarri dute gaur egunera. Horri esker, Labayru Fundazioak dagoeneko jasotzen du eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasean (EHHA) ere agertzen da. Dokumentalean hitzaren jatorriari buruz gogoeta ere egingo dute adituek zein herritarrek.
Aurten, Anarru Eguna otsailaren 21ean
Bakioko ihauteri berezia, Anarru Eguna, otsailaren 21ean ospatuko dute aurten. Goizean baserririk baserri ibilaldia egingo dute lehenik, eta arratsaldeko 17:00etan hasiko da kalejira, frontoialdetik moila puntaraino joango dena. Tartean, antzezpenak eta dantzak eskainiko dituzte, mozorroak jantzita dituztelarik. Amaieran, elektrotxaranga batek girotuko du iluntzea.
Informazio gehiagorako, klikatu hemen.?