
2026ko otsailaren 25ean eta 26an, ‘Euskal kultura gaur eta bihar’ jardunaldia egingo da Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Aretxabaletako campusean. IdeiEnea aretoan izango da jardunaldia.
Jardunaldiaren helburua euskal kulturaren egoeraren eta erronken inguruan hausnartzea da. Izan ere, jardunaldiaren lehen egunean, astezkenean, hezkuntzan euskal kulturaren egoera izango dute eztabaidagai parte-hartzaileek. Ostegunean, berriz, Kultur eta Sormen Industrien egoeran eta erronketan sakonduko dute hizlariek.
Kultura, fakultatearen 50. urteurreneko otsaileko egitarauaren ardatza
Aurten 50. urteurrena ospatzen ari da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea, eta urte osoko egitaraua antolatu du hori ospatzeko, ikasketetan eta ikerketan lantzen diren arloetan banatuta: kultura izango da otsaileko gai nagusia.
Ikasketetan, ikerketan zein transferentzian fakultatearen gai ardatzetako bat da kultura; eskaintza akademikoan ere leku berezia du euskal kulturak. Bederatzi ikasturtez egin zen Euskal kulturgintzaren transmisioan Aditu Diploma, eta hazi hartatik sortu zen dagoneko hirugarrenez martxan den Euskal Kulturaren Eragiletza Masterra. Euskal kulturaren galdera eta beharrizan konkretuei erantzunez, arlo desberdinetan euskal kulturaren eragileak formatzea da masterraren helburua. Kultur eta Sormen Industrietan aritzeko propio prestatutako profesionalak prestatzeko Kultur eta Sormen Industriak gradua ere abian jarri du fakultateak 2025-2026 ikasturtean. Euskal Herriko testuingurua ezagututa, eta nazioarteko esperientzia eskuratuta, bitartekaritzan eta ikusizko arteetan, modan eta diseinuan edo musikan eta eszenan espezializatzeko aukera dute ikasleek.