
Bilboko Udal Musika Bandak “Sentsualitatea eta mitoa” kontzertua eskainiko du datorren otsailaren 15ean, igandea, 12:00etan, Euskalduna Jauregiko Auditoriumean. Miguel Romea Chicote maisuaren zuzendaritzapean, 2025/2026 denboraldiko hitzordu nabarmenetako bat izango da emanaldi hau. Programak soinu-bidaia bizia eta iradokitzailea proposatzen du, sorkuntza garaikidea eta errepertorio sinfoniko aberatsa uztartuz, indar narratibo handiko obren bidez.
Kontzertua Miguel Romea Chicote maisuak zuzenduko du, Verum Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra eta bere belaunaldiko batuta entzutetsuenetakoa. Estatu osoko orkestra eta banda ugariren gidaritzan ibilbide aitortua egin ondoren, Romea bereziki estimatua da XIX. eta XX. mendeetako errepertorio sinfonikoaren interpretazioengatik, bai eta zuzentzen dituen formazioetatik adierazkortasunaren ahalmen handiena ateratzeko duen gaitasunagatik ere.
Óscar Navarro (1981) konpositore alacantarraren El Arca de Noé lanak emango dio hasiera ikuskizunari, Bibliako pasarte ezagunean inspiratutako indar adierazkor handiko obrak. Navarrok diskurtso musikal zuzena eta irisgarria eraikitzen du, eta bertan Bandak bere kolore eta ñabardura guztiak erakusten ditu, tentsioz, lirismoz eta ikusgarritasunez betetako kontakizun bati forma emanez. Musika garaikidea, publikoarekin emozioaren eta narrazioaren argitasunaren bidez konektatzeko gai dena.
Bigarren zatian Nikolai Rimsky-Korsakoven Scheherazade (1888) entzungo da, errusiar sinfonismoaren eta orkestrazioaren artearen monumentu handienetako bat. Mila eta bat gau ipuinetan oinarrituta, obrak sentsualitatez, exotismoz eta fantasiazko soinu-unibertso batez gozatzeko aukera eskainiko du. Hedonismo orkestral hutsa, baina asmo handikoa.
Hitzordua igande honetan izango da, otsailaren 15ean, 12:00etan, Euskalduna Jauregiko Auditoriumean. Sarrerak jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan eros daitezke.
Astebete geroago, otsailaren 22an, denboraldiak aurrera jarraituko du Euskalduna Jauregian “Bihozkadak” kontzertuarekin. Emanaldia Txemi Etxebarria Urzain maisu gipuzkoarrak zuzenduko du, eta, besteak beste, Saint-Saëns, Julie Giroux eta John Mackey konpositoreen obrak entzungo dira.
MIGUEL ROMEA CHICOTE
2010az geroztik, Miguel Romea Chicote Verum Orkestra Sinfonikoko Zuzendari Titularra da. Hauxe da Gaztela-Mantxan sortutako lehenengo orkestra sinfoniko profesionala, denboraldi egonkorra eskaintzen duena. Espainiako musikari-belaunaldi berriko gazte talentudunez osatutako orkestra hau benetako erreferentzia bilakatzen ari da, orkestra handirako XIX. eta XX. mendeetako errepertoriaz egindako interpretazioengatik.
Madrilen jaioa, klarinete-irakaslearen goi-titulua eskuratu eta «Karrera Amaierako Ohorezko Saria» irabazi zuen Madrilgo Errege Goi-Kontserbatorioan. Graduondoko ikasketak Rotterdams Conservatorium-en eta Salzburgoko Universität für Musik Mozarteum-en egin zituen.
Zuzendari gonbidatu gisa, honako talde hauekin jardun ohi du: Madrilgo Autonomia Erkidegoko Orkestra eta Korua, Kordobako Orkestra, Extremadurako Orkestra, Espainiako Gazte-Orkestra Nazionala edota Orfeoi Donostiarra. Gainera, 2004an sortu zenez geroztik, Extremadurako Gazte-Orkestrako Zuzendari Titularra izan da. Talde honekin, Europa osoko jaialdietan parte hartu izan du. Aurretik, Madrilgo Autonomia Erkidegoko Gazte-Orkestrako Zuzendari Laguntzailea zelarik, Jose Zarateren `Cántico espiritual´ lanaren erabateko estreinaldian parte hartu eta zenbait kontzertu bira eskaini ditu Espainian eta Italian zehar.