Cargando Eventos

« Todos los Eventos

  • Este evento ha pasado.

Bilboko Udal Musika Banda: «Bihozkadak»

febrero 22

Bilboko Udal Musika Bandak “Bihozkadak” izeneko kontzertua eskainiko du igande honetan, otsailaren 22an, 12:00etan, Euskalduna Jauregiko Auditoriumean, Txemi Etxebarria Urzain zuzendari gonbidatuaren gidaritzapean. Kontzertua Bandaren 2025-2026 denboraldiaren baitan kokatzen da, Profilak izenburukoa, eta musikaren emozioa, intuizioa eta adierazkortasun-energia ardatz dituen programa bat proposatzen du.

1980an Arrasaten (Gipuzkoa) jaioa, Txemi Etxebarria Urzain nazioarteko ibilbide sendoa duen zuzendari, konpositore eta pedagogoa da. Tronpa gisa trebatu zen Bilbon, eta ondoren zuzendaritza ikasketak sakondu zituen Herbehereetan eta Belgikan, Maastrichten eta Anbereseko Errege Kontserbatorioan. Europako hainbat orkestra eta banda entzutetsurekin aritu da lanean, eta nazioarteko zuzendaritza-lehiaketa desberdinetan saritua izan da; horien artean, Bilbao Musika Nazioarteko Zuzendaritza Sariaren IV. Topaketatako lehen saria eskuratu zuen.

Musika garaikideari eta bandentzako errepertorioari bereziki lotuta, zuzendaritza-lana konposizioarekin eta moldaketarekin uztartzen du, eta hainbat obra estreinatu ditu Bilboko Udal Musika Bandarekin. Gaur egun, Herbehereetako hainbat talde zuzentzen ditu, eta jardun pedagogiko bizia garatzen du.

Errepertorioak estilo eta lengoaia askotako lanak biltzen ditu, guztiek ere karga emozional handia partekatzen dutenak. Lehen zatian, publikoak Ryan George-ren Firefly, Bert Appermont-en Battle of Hearts eta Camille Saint-Saëns-en Danse Macabre ezaguna entzuteko aukera izango du, J. Schyns-ek bandarako egindako moldaketan. Bigarren zatian, Marco Pütz-en Tre Pezzi per Banda, Julie Ann Giroux-en Carnaval eta John Mackey-ren Strange Humors eskainiko dira; azken hau bandentzako errepertorio garaikideko lan ezagunenetako bat da, bere erritmo-konplexutasunagatik eta adierazkortasun biziagatik.

Hitzordua igande honetan izango da, otsailaren 22an, 12:00etan, Euskalduna Jauregiko Auditoriumean. Sarrerak jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan eros daitezke.

Bestalde, Bilboko Udal Musika Bandaren hurrengo kontzertua martxoaren 20an izango da, ostirala, J.C. Arriaga Kontserbatorioan“Egunsentiari begira” izenburupean, Miguel Etchegoncelayk zuzenduko du, eta Bronnenkant, Piazzolla, Ravel eta Kosmickiren obrak bilduko dituen errepertorioa eskainiko da.

 PROGRAMARI BURUZKO OHARRAK (Txemi Etxebarria Urzain)

«Harrigarria iruditzen zait umeek beren irudimena erabiltzen dutela ohikoa eta normala ezohiko eta fantastiko bihurtzeko. Aurkitzen duten ia edozein gauza baliagarria izan daiteke beren fantasiak esnatzeko eta beren buruak mundu ikusezinetara eramateko. Lurrean dagoen makila bat botere magikoak dituen hagaxka edo ezpata bihurtzen da, gaiztoak uxatzeko. Harri pila bat lurperatutako altxor bihurtzen da, eta aulki biren gainean zabaldutako manta bat ezkutatzeko koba izango da. Eta naturan dauden gauzek –txoriak, ur-jauziak, baita intsektuak ere– identitate mitikoak hartzen dituzte ume baten begiekin ikusten direnean.

Fireflyren ideia gau batean sortu zen, 4 urteko alaba lorategian sartu zen ipurtargi batekin liluratuta geratu zenean. Ipurtargiari buruz zer pentsatzen zuen galdetu nionean, harriduraz begiratu zidan eta honela zuzendu zidan: «Aita, hori ez da ipurtargia… Txilintxo da (Peter Pan), eta ni abenturara eramatera etorri da!» Firefly James Bowie High Band-entzat idatzi zen (Bruce Dinkins, zuzendaria), 2009ko Amerikako Banda-zuzendarien Elkartearen Biltzarrean aurkezteko. Lana Sophia eta Nyla alabei eskainita dago. Alabek nire irudimena esnatzen dute eta bizitza harriduraz eta zoragarriz betetzen dute egunero» (Ryan George).

Bert Appermont-en Battle of hearts inspirazio-iturria Das Käthchen von Heilbronn lana izan zen, Heinrich von Kleist-ek 1810ean idatzia. Musikak azpian dagoen drama, tentsioak eta pertsonaien emozioak gogorarazten ditu: errementariaren alaba, Kunigunde, sua eta enperadorearen alaba. Izenburuak istorioaren emakume biak aipatzen ditu (Käthchen eta Kunigunde), Von Strahl kondearen bihotza irabazteko borrokatzen direnak.
Camille Saint-Saëns-en Danse macabre lana Erdi Aroko kondaira batean inspiratzen da, zeinaren arabera Heriotza gauerdian agertzen baita hildakoen gauean. Biolina erabiliz (scordatura afinazioa), Heriotzak hildakoak deitzen ditu hilobietatik irten eta egunsentiraino dantza egin dezaten. Eskeletoak modu zakarrean eta burlatian egiten dute dantzan, klase eta botere bereizketarik gabe. Egunsentian oilarrak jotzen duenean, sorginkeria hautsi egiten da. Heriotza desagertu egiten da eta hildakoak hilobietara itzultzen dira.

Tre pezzi per banda lana Luxenburgoko DIFFWINDS Jaialdi ospetsurako konposatu zen, enkarguz. Konposizioak hiru mugimendu oso desberdin ditu. Lehenengoak, Tema con Variazione, izenak iradokitzen duen moduan, gai labur baterako sarrera egiten du (haize-instrumentuetan) eta, ondoren, hainbat garapen esperimentatzen ditu, mugimenduaren amaieran jatorrizko forman berriz agertu aurretik, lehenik metaletan eta gero orkestra osoan. Bigarrena Corale da. Marco Pütz-ek koral tonal hau idatzi zuenean ez zuen uste hain harrera ona izango zuenik orkestrako musikarien artean. Beraz, ondoren erabaki zuen (Bronsheim Music-en akordioarekin) fanfarreen orkestrarako berregitea eta bertsio biak bereizita argitaratzea. Interesez espero dugu «Corale»ren ondorengo garapena. Eta hirugarrena eta azkena Scherzo da. Xostakovitxen ukitu bat? Bartók, Poulenc? Edo, besterik gabe, Pütz? Azken mugimendu honek jotzearen poz hutsa ekarri nahi du gogora, lehenengo konpasetik azken konpasera bitartekoa, instrumentazio koloretsuarekin eta ezusteko eta erronka erritmiko ugarirekin parekatuta.

Carnaval! kaleko inauteri latindar baten emozio eta energiaren irudikapen bizia da. Inauterietan, Garizuma baino lehen egiten den urteroko jaialdian, mundu osoko kulturek karrozak, dantzariak, saltzaileak eta kaleko artistak aurkezten dituzten kalejirak eta jaiak ospatzen dituzte. Giroux-ek inauterien jarduera eta mugimendua atzematen ditu, taldeko hainbat tinbretan zehar bidaiatzen duen motor erritmiko iraunkor batekin, perkusio-tresna latindar asko barne. Piezaren «A» atalak motibo edo pertsonaia nagusi batzuen sarrera egiten du. Orkestrazio eta estilo sutsuak erabiliz, motibo bakoitzak kolore distiratsuko dantzarien irudiak ekartzen ditu gogora, luxuzko arropekin jantzita. Desfileak aurrera egin ahala, entzuleak pertsonaiei elkarrekin hizketan entzuten die, eta emozioak gora egiten du erdigune tonala helbururik gabe jarduten hasi ahala. «B» atala homoritmikoagoa eta harmoniatsuagoa bilakatzen da, jendetza eta artistak kantatzeko elkartuko balira bezala. Arreta bat-batean desbideratzen da hurrengo dantzari-taldea agertzen denean. Dantzari horiek koloretako distira laburrak tartekatzen dituzte, eta garapen-atala osatzen dute. Garapen horrek kontrasteko «C» atal batera darama, testura libre eta dotorekoa, ziur aski desfileko karroza handi baten iragaitea irudiz hornitzen duena. Hasierako motibo ezagunak aldaketa txiki batzuekin itzultzen dira eta, ondoren, koda txiki bat dago. Musika bizkortu ahala, emozio- eta energia-boladak zentzumenak inbaditzen ditu eta pieza ixten du. Carnaval! lana 2013ko irailaren 24an estreinatu zen Texas Iparraldeko Unibertsitateko Banda Sinfonikoarekin, Dennis W. Fisher-ek zuzenduta.

Strange Humors lanaren lehen bertsioa hari-laukote eta djemberako idatzitako ikasle-pieza bat izan zen, John Mackey-k Juilliard Schoolen graduondokoa egiten zuen bitartean egin zuena. Ondoren, Parsons Dance Companyrako egokitu zen, Robert Battle-ren koreografiarekin. Piezak musika-kulturen fusioa irudikatzen du: Ekialde Ertaineko musikaren melodia modalak eta erritmo sinkopatuak, Afrikako perkusioaren laguntza perkusiboarekin. Obraren bihotzean djembearen pultsua dago, jatorrizko bertsiotik gordetzen dena. Djembea hondar-erlojuaren forma duen danborra da eta esku biluziekin jotzen da. Funtsezko elementua da mendebaldeko Afrikako zenbait herrialdetan, esaterako Malin eta Ginean; herrialde horietan, djembe taldeek ospakizun sozial ugaritan aritzen dira. Pieza honen hasieran adar ingelesaren solo sentsual bat dago; lerro horrek Frigiako eragina dauka eta Afrikako ipar-ekialdeko eremuetako melodia tipikoak irudikatzen ditu, batez ere Egiptokoak. Ondoren, saxofoiek adar ingelesaren lerro bihurgunetsuak emulatzen dituzte. Jatorrizko orkestrazioari metalak eta perkusio osagarria gehitzeak inpaktu berezia sortzen du piezaren oihu-sekzioetan, eta djembearen erritmoak, piezan zehar dauden erritmo bereziekin konbinatuta, entzulearen oroimenean luzaroan irauten duen inpresioa uzten du, hura amaitu ondoren.

TXEMI ETXEBARRIA URZAIN (Arrasate, Gipuzkoa)

Txemi Etxebarria Arrasaten (Gipuzkoa) jaio zen 1980ko urriaren 9an. 8 urterekin tronpa jotzen hasi zen eta 18 urterekin Bilbora joan zen goi mailako ikasketak bertan jarraitzeko Juan Crisóstomo de Arriaga Goi Mailako Kontserbatorioan, eta, aldi berean, Ingurumeneko goi mailako teknikari eta Musika irakasle ikasketak konbinatu zituen. Ikasketa horiek arrakastaz amaitu ondoren, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako beka bati esker, Holandara joan zen, Maastrichteko kontserbatorioan masterra egiten jarraitzeko. Bertan jazza eta pianoa ikasteaz gain, Jef Penders Holandako maisuaren konposizioko ikasle pribatua izan zen lau urtez. Orduan orkestra-zuzendaritza ikasten hastea erabaki zuen, lehenik Maastrichten eta ondoren Anberesko (Belgika) Errege Kontserbatorioan, masterra espezialitate horretan egiteko.

Philarmonie Zuidnederlandeko (Holanda) eta Le Concert Olympiqueko (Belgika) zuzendari laguntzaile gisa Kees Bakels edo Jan Caeyers bezalako maisuekin lan egin eta gutxira, 2017an aukeratu zuten World Music Competition (WMC) jaialdiaren inaugurazio-kontzertua emateko Kerkraden Philarmonie Zuidnederland orkestrarekin. Kölneko WDR Sinfonieorchester edo Rotterdam Philarmonic orkestrek parte hartu dute ekitaldi honetan, besteak beste. Orduko hartan, Holandako talde onenetako batzuek osatutako banda konbinatu bat zuzentzeko aukera ere izan zuen. 2016an, Black Sea Opera Competitioneko (Errumania) finalista izan zen, eta Jan Cober maisuak emandako «Maisu» ikastaroaren amaierako kontzertua zuzentzeko ere aukeratu zuten. 2019an, musika garaikideko «Citta ‘Di Brescia Giancarlo Facchinetti Per Direttori d’ Orchestra» (Italia) nazioarteko lehiaketan 3. postua lortu zuen, eta Bilbao Musika Orkestra Zuzendaritzaren IV. Topaketan 1. saria, José R. Pascual Vilaplana maisuak eta Thomas Doss maisu eta konpositore gonbidatuak emana.

Etxebarria hainbat orkestrarekin aritu da lanean, hala nola Staatsorchester Rheinische Philarmonie Koblenz (Alemania), Limburgeko Orkestra Gaztea (Holanda) edo Sympla Orchestra of the National Opera & Ballet Oleg Danovsky (Errumania), eta Espainian Donostiako Kursaalean eta Iruñeko Baluarten zuzendu du, besteak beste. Gaur egun, University Orchestra Maastricht, Kerkraads Symfonieorkest eta Arka Symfonieorkest orkestretan zuzendari gisa kolaboratzen du. Musika garaikidearen munduan hainbat talderekin lan egin du, hala nola Ensemble XXI (Anberes), eta gaur egun Ensemble COMA Maastricht eta «Oihua Ensemble» (Rotterdam) orkestren zuzendari titularra da, eta horiekin Wim Hendrickx, Michael Finnissy, Jesse Passenier eta Saskia Venegas musikagileen hainbat pieza estreinatu ditu. 9 urtez, St. Petrus & Paulus Wolder (Maastricht) bandaren zuzendari laguntzailea izan da. Harekin lortu zuen goren mailako munduko titulua 2017. urteko World Music Competitionen (WMC Kerkrade) eta 4 urtez, Maastrichteko Opéra Comiqueko zuzendari titularra izan zen, non arrakasta handia izan baitzuen kritikaren eta publikoaren aldetik «La Gran Esperanza» zarzuela-ekoizpenarekin. 2015etik 1. mailako hiru bandaren zuzendari titularra ere bada: Sint Aemiliaan (Kerkrade), Gildenbodsharmonie (Boxtel) eta TOG-Welten (Heerlen).

Hainbat talderentzako piezak ere konposatu ditu Txemi Etxebarriak: ‘Islands’ – Miniaturak boskotearentzat, ‘Pajazzada’-funtasia bibrafono bakarlari eta haize boskote bikoitzarentzat, ‘Vrienden’ eta ‘Cooperation’ bandarentzat (Bilboko Udal bandarekin estreinaldia). Halaber, «Mozkorra Parregarri-El borracho Burlado» (Xabier María de Munibe, Peñafloridako kondea, 1764) historiako lehen euskal operatzat jotako opera berpizteko pieza berrien moldatzaile eta konpositorea izan da (Oihan Vegarekin batera) eta «Olentzero & Co!» formatu handiko lehen euskal musikalaren konpositore eta zuzendari musikala. Zenbait urtez entrenamendua jaso du Qi Gong-en, gorputzaren mugimendu motelean oinarritutako ekialdeko arte energetikoan, arnasketarekin eta kontzentrazioarekin koordinatuta. Horrela, Qi Gong bere zuzendaritza-teknikaren parte bihurtu da eta ematen dituen ikastaroetan aplikatzen du, ikasleei mugimenduetan energia organikoki integratzen laguntzeko.

Local

Euskalduna Jauregia – (0C Aretoa)
Abandoibarra Etorbidea, 4
Bilbao, Bizkaia 020 España