
Artium Museoaren AMA Ikasketa Zentroa plataforma bat da, eta, museoaren erakusketa-ildoarekin lotura estuan, arte garaikidearen, ezagutza ekoizteko eta zabaltzeko formatuen eta lankidetzan eta esperimentazioan oinarritutako ikerketa kritikorako metodologien inguruko ikerketa-espazio bat artikulatzen du.
Memoria taupariak: memoriaren euskarriak programak gogoeta kolektiboa proposatzen du memoriaren formei eta irudie eraikuntzari buruz. Mintegian, memoriaren ikasketetan eta artearen historian adituak diren pertsonek hartuko dute parte. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertakarien 50. urteurrenaren testuinguruan egingo da programa hau.
Parte-hartzaileak: Carolina Cappa (Buenos Aires, Argentina, 1982), Paco Ferrándiz (Oviedo, 1963), Germán Labrador (Vigo, 1980), María Rosón (Madril, 1981) eta Nerea Lekuona (Vitoria-Gasteiz, 1976), Martxoak 3 Martxoaren 3ko Biktimen eta Biktimen Senideen Elkartearekin elkarlanean.
PROGRAMA
Otsailaren 26an, osteguna
18:00-19:30. Emanaldi aretoa
Carolina Cappa. Hitzaldia: Poder local, poder popular. Notas sobre la preservación de cines periféricos en Latinoamérica. Sara Gómez (1942-1974) zinemagilearen filmen proiekzioa
19:30-20:30. Emanaldi aretoa.
María Rosón. Hitzaldia: Memoria y deseo
Otsailaren 27an, ostirala
11:00-13:00. Plaza aretoa
Paco Ferrándiz
Lantegia:Las texturas de la memoria: del cuerpo poseído al cuerpo fusilado. Izen-emateak: ikasketazentroa@artium.eus
18:00-19:00. Emanaldi aretoa
Germán Labrador. Hitzaldia
19:00-20:00. Emanaldi aretoa.
Paco Ferrándiz. Hitzaldia: Culegamuros disidente
Otsailaren 28an, larunbata
10:00-13:00. A4 aretoa
Lantegia Nerea Lekuonarekin, Martxoak 3 Elkartearekin elkarlanean. Izen-emateak: ikasketazentroa@artium.eus
Carolina Cappa-k (Buenos Aires, Argentina, 1982) zinema-artxiboen arloan lan egiten du. Gaur egun, Elías Querejeta Zine Eskolako (EQZE) Ikerketa Departamentuko arduraduna da, Donostian. Artxibozain gisa, Buenos Aireseko Zinema Museoan, La Pazeko Boliviako Zinematekan eta, azkenaldian, filmen kontserbazioan aritu da hainbat erakunderekin elkarlanean, besteak beste Berlingo Arsenalekin eta Kubako Zinematekarekin. Nitrato argentino kontserbazio-proiektuaren zuzendaria izan da, Argentinako zinema goiztiarrean bizirik dirauten filmen ingurukoa. Ikertzaile gisa, “Segunda mano” proiektua koordinatu zuen, Latinoamerikan eta Espainian egindako berrerabilpen-filmetan oinarritua.
Paco Ferrándiz (Oviedo, 1963) (PhD UC Berkeley) CSICeko ikertzailea da. 2002az geroztik, Espainiako gerra zibileko (1936–1939) hobi komunetako desobiratzeei buruzko diziplina anitzeko ikerketa-proiektuak koordinatzen ditu, ikuspegi transnazional eta konparatuan. 2020 eta 2023 artean Memoria Demokratikoko Estatu Idazkaritzako aholkularia izan zen. Disparidades. Revista de Antropología aldizkariko zuzendaria da. El pasado bajo tierra: exhumaciones contemporáneas de la guerra civil (Anthropos, 2014) liburuaren egilea da, eta Necropolitics: Mass Graves and Exhumations in the Age of Human Rights (University of Pennsylvania Press, 2015) liburuaren koeditorea (A. Robbenekin batera), baita The Routledge Handbook of Necropolitics lanarena ere (E. Anstettekin batera, argitaratzeke).
Germán Labrador Méndez (Vigo, 1980) CSICeko Ikerlari Berezia (ATRAE) da, Hizkuntza, Literatura eta Antropologia Institutuan (ILLA). 2024ra arte Princeton Unibertsitateko irakasle katedraduna izan da, eta Madrilgo Reina Sofía Museoaren Jarduera Publikoen zuzendaria (2021–2023). Gaur egun, Espainiako Estatuan kulturaren eta demokraziaren arteko harremanei buruzko ikerketa-proiektu bat garatzen ari da (1868–2024). Erakusketen komisarioa izan da, besteak beste, Esperpento. Arte popular y revolución estética (MNCARS, 2024) eta Ollos de vidro. Formas para outra historia de Galicia (Auditorio de Galicia, 2025). Bere argitalpenen artean aipatzekoa da Culpables por la Literatura. Contracultura e imaginación política en la transición española (Akal, 2017).
María Rosón-ek (Madril, 1981) armairuen, argazki-albumen eta paperezko beste artefaktu batzuen historialaritzat hartzen du bere burua. Arte garaikidearen historiako irakaslea da UCMn. Bere ikerketek XX. mendeko Espainiako kultura bisual eta materiala lotzen dituzte feminismo intersekzionalen, memoria disidenteen eta artxiboen ikuspegiekin. UAMen egin du lan —bertan doktoretu zen—, Museo Reina Sofían (Bildumen Saila) eta Valentziako Unibertsitatean. Bere ikerketak intimitatearen eta egunerokotasunaren esparruko gauzei arreta jartzetik abiatzen dira. Bere ikerketa-ildoak gerra zibilaren, erbestealdiaren eta lehen frankismoaren historia kulturala, ikuspegi feminista eta cuir batetik abiatzen dira.
Nerea Lekuona-k (Vitoria-Gasteiz, 1976) irudia, testua, ekintza eta instalazioa hibridatzen dituen praktika artistikoa garatzen du, errealitate garaikideak modu kritikoan interpelatzeko estrategia gisa. Bere lanak hausnarketa aktibatzen duten, konbentzioak zalantzan jartzen dituzten eta egunerokotasunean dauden tentsio latenteak agerian uzten dituzten gailu bisualak artikulatzen ditu, formatuen nahasketa diskurtso-posizionamendu gisa ulertuta. Alderdi grafiko eta bisualetatik abiatuta, bere proiektu artistikoan instalazioak, esku-hartzeak eta formatu hedatuak gero eta protagonismo handiagoa hartu dute; horien artean, adierazpide-baliabide guztiak elkarrekin biziarazten ditu, partekatzen dugun munduari buruzko ikuspegi kritikoarekin.
Martxoak 3 Elkartea 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatutako sarraskiaren memoria bizirik mantentzeko biktimen eta gizartearen konpromisotik sortu zen.
Programa publiko honetako jarduera guztiak sarrera librekoak dira, tokia bete arte, lantegiak izan ezik; horietarako beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea ikasketazentroa@artium.eus helbidean, gehienez 200 hitzeko motibazio-gutunarekin.
Parte-hartzearen ziurtagiria
Programa honetan parte hartu izana egiaztatzen duen ziurtagiri bat eskatzeko aukera dago, hala eskatzen den kasuetan.
Eskabidea ikasketazentroa@artium.eus helbidean egin behar da, programa hasi aurretik.