Cargando Eventos

« Todos los Eventos

«Nicholas Nixon»

marzo 2 - junio 28

Nicholas Nixon erakusketa Mapfre Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Rekalde Aretoak antolatutako atzerabegirako zabala da. Erakusketa zabalik dago nahi duenarentzat eta 2026ko ekainaren 28ra arte bisitatu ahal izango da.

Orain arte argazkilariaren lanari buruz antolatutako atzera begirako erakusketarik handiena da. Nicholas Nixonen 200 argazki inguru ditu eta azken hamarkadetako lan indartsu eta pertsonalenetako bat erakusten du. Irudi horietako hamaika lehen aldiz erakutsiko dira, Rekalde Aretoan.

Nixon oso originala den ahots poetiko berezi batez mintzatzen da, unean uneko mugimendu artistikoen presioari jaramonik egin gabe, errealitateari eta bizitzari lotuta. Artea ulertu, partekatu eta gogoratu daitekeen kontakizuntzat jotzen duen ikuspuntua berreskuratzen du; elkarrizketa gogoetatsua ezartzen du, eta kezka eragin ahal digun, desioak esnatu ahal dituen eta pentsatzera edo aldatzera bultzatu ahal gaituen obra bat sortzen du.

Erakusketak ibilbide kronologiko bat eskaintzen du artistaren serie garrantzitsuenetan barrena. Haien bitartez, Nixonek obra oso humanista eta poetiko bat zabaltzen du, zeinak ikusizko esploraziorako iturri agorrezina aurkitzen baitu egunerokotasunean, intimitatean eta denboraren joanean.

Modak eta joerak alde batera utzita, haren obra erabat fidela da formatu handiko kamerarekiko, eta, horri esker, ia imitaezinak diren argitasuna, xehetasuna eta tonu-sakontasuna lortzen ditu. Nixonek giza esperientziari buruzko testigantza unibertsal bihurtzen ditu gai pertsonalenak —familia, zahartzea, gaixotasuna edo maitasuna—.

Carlos Gollonet Mapfre fundazioko argazkilaritzako komisario buruak esan duenez, haren argazkiek arruntenaz eta funtsezkoenaz interpelatzen gaituzte, hau da, bizitzaz, hurbiltasunaz, denboraz eta hauskortasun partekatuaz.

Artearen munduan bere ibilbideari ekin zionetik, prestakuntza kultural zabalarekin, Nicholas Nixonek gogor egin du lan bere printzipioak esperientzia artistikoarekin uztartzeko. Hori dela eta, haren lanean nagusi dira normaltasunaren barruan oso esanguratsuak diren gaiak, esperientzia pribatukoak direnak eta, ziurrenik, ikusleak bere bizi-esperientzian partekatzen dituenak: maitasuna, pasioa, gaixotasuna, mina, intimitatea, hurbiltasuna, denboraren joana, bakardadea, zoriona, une iheskorrak. Hala, haren argazkiak kezka soziala ardatz duen argazkilaritzaren tradizioarekin lerrokatzen dira.

Aldi berean, haren lanak argi erakusten du argazkilaritzako tresna tradizionalak –formatu handiko kamera bat, zuri-beltzeko filma, kontaktuak– baliagarriak direla esploratu gabeko lurralde artistikoetan murgiltzera ausartzeko.

Nicholas Nixonek 35 mm-ko Leika kamera bat erabili zuen argazki-jardueraren lehen urteetan, jendeari argazkiak ateratzeko (ohikoa zen urte haietako tradizio dokumentalean). Gero, 4×5 hazbeteko kamera bat, Walker Evansen (haren lehenengo idoloetako bat izan zen, Cartier Bressonekin batera) argazkien garbitasuna eta xehetasuna lortzeko. Berehala, 8×10 Deardorff kamera bat erosi zuen, gerora erosi izan dituen formatu handiko kameretako lehena. Kamerak eskuratu dituenean, beti bilatu du aurrekoak baino arinagoa eta moldagarriagoa zen kamera bat lortzea. Kamera horiekin egin du ia lan guztia; batzuetan baino ez du alde batera utzi kamera horrekiko leialtasuna, formatu handiago batzuk erabilita: 11×14, 14×17 eta 16×20 (40×50 cm).

Kamera horren negatiboa hain handia denez, positiboa tamaina berean egin daiteke, eta, horri esker, ez da galtzen informaziorik, garbitasunik eta tonu-aberastasunik. Izan ere, negatiboa handituta desagertu ahal diren alderdiak dira. Nixonek garrantzi berezia ematen dio mundua deskribatzeko erraztasunari, erabateko argitasunari, baina baita sortzen den espazioari ere. Esan duenez, dena ikus daiteke. Bertan egonda begiak ikusi ahal izango lukeena baino gehiago ikusi ahal izatearen ilusioa sortzen du. Funtsean, argazkilaritzaren munduan egin daitekeen irudirik garbiena da; fideltasuna hain biziagotuta dagoen errealismoari lotuta, batzuetan surreala izatera iristen dela esan du Nicholas Nixonek azaldu duenez, serietan garatzen du lana; aldizka bere bizitzan emozionalki eta artistikoki interesatzen zaion gai batean jartzen du arreta, eta, orduan, gogor lan egiten du proiektu bakar batean, hurrengora pasatu arte. Erakusketak ibilbide kronologiko bat egin du haren serie garrantzitsuenen inguruan, eta berrogei urtetik gorako aldian garatu duen Brown ahizpak multzo ezaguna ere dago sartuta.

Erakusketako serieak

Nicholas Nixonen argazki-serie nagusien inguruan dago antolatuta erakusketa, haren lehen hiri-ikuspegietatik erretratu intimoenetara:

  • Ikuspegiak (1974–1975): Boston eta New Yorkeko irudiak, New Topographics erakusketa historikora eraman zutenak. Egunerokotasunaz duen begiradaren testigantza goiztiarra osatzen dute.
  • Pertsonak (1977–1982): Bostongo Charles ibaiaren ertzeko bizimodua erakusten duten erretratuak. Pertsonengana eta haien ingurura zuzenean hurbiltzen hasi zen haien bidez.
  • Adinekoak (1984–1985): Adinekoentzako zentroetan bizi direnei buruzko serieak; enpatia eta neurritasun formala dira haien ezaugarriak.
  • Familiako argazkiak (1983tik aurrera): haren inguru hurbileneko eszena intimoak, samurtasunez eta zintzotasunez beteak.
  • HIESA (1980ko hamarkada): GIBak jotako gaixoei buruzko seriea. Bere emazte Bebe Nixonekin batera egin zuen, eta artea eta testigantza soziala uztartzen ditu.
  • Bikoteak eta Biluziak (2001etik aurrera): larruazala, adina eta pertsonen arteko harreman fisikoa esploratzen dituzten erretratuak.
  • Brown ahizpak (1975-2022): haren serie enblemetikoena da, urtez urte hartutakoa, 47 urtez; koherentzia formal eta emozional hunkigarriaz islatzen du denboraren joana.

Nicholas Nixon

Nicholas Nixon Detroiten jaio zen 1947an. Ingeles literatura ikasi zuen Michigango Unibertsitatean, eta, ondoren, 1974an, Arte Ederretako graduondoko ikasketak egin zituen, Mexiko Berriko unibertsitatean, Albuquerquen. Urte berean Cambridgera (Massachusetts) joan zen, eta han hasi zen argazkilaritza irakasten Bostongo Massachusetts College of Art ikastetxean, eta duela gutxira arte jarraitu du zeregin horretan.

70eko hamarkadaren erdialdean, haren lana New Topographics: Photographs of a Man-Altered Landscape erakusketaren parte izan zen, George Eastman House museoan. 1976an, lehen erakusketa indibiduala egin zuen New Yorkeko MoMAn, Bostonen egindako argazkiekin. Bi urte geroago, haren lana Mirrors and Windows: American Photography Since 1960 erakusketaren parte izan zen, Arte Modernoko Museoan. 2005ean, Nixonen erakusketa indibidualak hartu zituzten National Gallery of Art galeriak, Washington DCn, eta Cincinnati Art Museumek. 2006n, The Brown Sisters lana New Yorkeko MoMAn eta Texasko Modern Art Museum of Fort Worth museoan izan zen ikusgai.

Jasotako sariei dagokienez, hauek nabarmentzen dira: John Simon Guggenheim Memorial Foundation Fellowship saria (1977an eta 1986an jaso zuen) eta National Endowment for the Arts Photography Fellowship saria (1976, 1980 eta 1987).

1999an, New Yorkeko MoMAk katalogo bat argitaratu zuen, The Brown Sisters serieko lehen hogeita bost argazkiekin. Nixonek hainbat liburu argitaratu diu, besteak beste hauek: Photographs from one year (1983), Pictures of People (1988), People with AIDS (1991), School (1998), The Brown Sisters (1999); Nicholas Nixon (2003), Nicholas Nixon: At home (2004) eta Live Love Look Last (2009) eta Close Far (2013).

Nixonen argazkiak mundu osoko bilduma ospetsuenetako batzuetan daude, hala nola New Yorkeko MoMAn, Washingtongo National Gallery of Art galerian, Houstongo Museum of Fine Arts museoan, San Frantziskoko Museum of Modern Art museoan, Cambridgeko Fogg Art Museumean, Bostongo Museum of Fine Arts museoan edo Parisko  Maison Européenne de la Photographie zentroan.

 

Jardueren programa

Aldi baterako erakusketen bidez, Rekalde Aretoak jarduera hezigarri eta didaktikoen eta tailerren programa publiko zabala eskaintzen du, herritarren prestakuntzarako eta ezagutzarako.

Tailerrak antolatuko dira talde, irakasle, ikasle, familia eta adinekoentzat, bai eta erakusketa ikusteko bisita komentatuak ere, Nicholas Nixonen sorkuntza-unibertsoan sakondu ahal izateko.

Jarduera guztiak doakoak dira, eta, batzuetarako, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, edukiera osatu arte.

Informazio gehiago eta erreserbak: 944068532 – salarekalde@bizkaia.eussalarekalde@bizkaia.eus

Local

Rekalde Aretoa
Alameda de Rekalde, 30
Bilbao, Bizkaia 020 España