
2026ko Loraldia jaialdiaren egitarauaren barruan.
Bertso-saio literario musikatua. «Hezur berriak» Ane Labakaren poesia liburuan oinarrituta
Ez dira gutxi izan bertsoa beste sormen diziplina batzuekin uztartzeko egin izan diren saiakerak. Azken urteetan, gainera, ugaritu egin dira zenbait bertsolari eta idazlek gidatutako bertso-saio literarioak; Uxue Alberdiren Dendaostekoak liburuan ardaztutakoa edo Miren Amurizaren Pleibak-en ingurukoa, kasu.
Saio honetan Ane Labakaren lehen poema liburuaren testu hautatuen irakurketa musikatuak eta bat-bateko bertsoaldiak tartekatuko dira. “Hezur berriak” poema liburua haurdunaldian zehar eta erdiondoko lehen hilabeteetan idatzitako testu txatalekin dago osatuta eta amatasunaren ertzez, anbibalentziez, kargez eta esanezinez dihardu. Bertso saio literario honek, beraz, aukera bat izan nahi du ama diren bertsolariekin batera hori dena oholtzaratzen saiatzeko.
Esan bezala, poemak Ane Labakak idatzi ditu, musika Ines Osinagak jarriko du eta bertso inprobisatuak ontzen hiru bertsolari: Ainhoa Agirreazaldegi, Maialen Akizu eta Miren Amuriza.