Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Donostiako Musika Hamabostaldia 2026: egitaraua

agosto 2 - agosto 30

Abuztuaren 2tik 30ra egingo da Donostiako 87. Musika Hamabostaldia. Mari Puri Herrero (Bilbo, 1942) da abuzturaren 2tik 30era luzatuko den 87. Musika Hamabostaldiko kartelaren sortzailea. Artista bilbotarrak mende erditik gora darama jardunean eta XX. mendeko euskal artearen erakusleetako bat da. Eta orain, bat egin du laurogeita hamarreko hamarkadatik jaialdiaren irudia sortu duten euskal artista garrantzitsuekin. 2022an ibilbide artistikoari Gure Artea Saria eman ziotenean, honela definitu zuten: “sortzaile berezia, margolari, grabatzaile eta eskultorea, alegiazko gogoetatik zein berehalakotasun inpresionistatik edaten duena. Herrero XX. mendearen erdialdean, forma tradizionalen eta abangoardiako asmoen arteko bizikidetza ezaugarri zuen trantsizio artistikoa bultzatu zuten euskal artisten belaunaldiko kide da. Gaur egun, bizitza-motorra du sormen artistikoa: «Artea nire bizitza da; argi naturala probetxatuz margotzeko ilusioarekin oheratu eta jaikitzen naiz», zioen 2024an El Correo-n argitaratutako elkarrizketa batean.

Marrazkia eta kolorea menderatzeak, konposizioaren orekak eta irudimen itzelak berezko ikonografia sortzeko aukera ematen diote Mari Puri Herrerori. Bere ibilbidean zehar hori berrinterpretatu eta bere estiloa figurazio sendo, kolore ase eta profil itxi batetik, arinago, pintzelkada solte eta argitasun handiagoko beste batera aldatu da: «Ezin da orain eta lehen gauza bera egin, bizitzako garai bakoitzean zerbait desberdina sortzen da (…) Denborak aurrera egiten du eta gai berriak ekartzen dizkizu. Bizitza aldakorra da eta gu ere eraldatu behar gara». Herreroren pinturan gai ohikoenak dira paisaiak eta barnealdeak, zuhaitzak, txoriak eta abar: «Beti naturaz dudan ikuspegi hori gabe, ez litzateke ondo ulertuko egiten dudana». Baina bere sorkuntzetan mundu  saldagarri bat islatzen du, non erreala eta fantastikoa nahasten diren. «Batzuetan zerbait argi eta garbi definitu nahi dugu, baina hori ez da posible. Onirikoa dena eta baita kalean ikusten duguna ere, dena nahastuta dago. Errealitatea ez dago hain zehaztuta, eta hori da gustatzen zaidan mundua». Ametsak errealitatearekin nahasten diren eszena horiek sortzean, ikusleari pentsaraztea du helburu: «Oro har, abiapuntua ideia lauso bat da, ikusten duzun zerbait, mihisearen barruan dagoela dirudiena, eta kanpora atera behar da. Ideia hori, askotan, beste norabait bideratzen da, eta hori ona da (…); arteak eramaten zaitu bere bideetan barrena (…). Oihalak edo paperak eskatzen dizuna entzun behar dela uste dut, benetan eskatzen dizulako. Ez zait gustatzen aldez aurreko ideia bat bere horretan inposatzea; niri hori ez datorkit ongi».

Artistak naturaltasunez hartu zuen Hamabostaldiko kartela sortzeko enkargua: «Hamabostaldiko kartela egiteko deitu zidatenean pozik hartu nuen, musikarekin asko egiten baitut lan; asko gustatzen zait, nire egunerokoan dagoen zerbait da, nire ortzimugan dagoena; eta ez zitzaidan iruditu bat-batean nire egunerokoan asaldatuko ninduen zerbait egitea izango zenik, alderantziz!». Bere kolore gogokoenak, urdinak, bere obran zein bizitzan protagonista denak, presentzia nagusia du Mari Purik Hamabostaldirako sortu duen kartelean ere («itsasoaren urdina, airearen urdina, Bilbo urdina, niretzat oso konnotazio politak ditu», adierazi zion El Correo-ri). Era berean, kartelean nagusi dira natura edo figura horiek, kasu honetan gizatiarrak eta musika iradokitzen dutenak, zelatan egiten, agertzen edo desagertzen direnak. Hondoak tonu laranja du eta izpi gorrixka batzuek artistak bere obrarekiko duen etengabeko entzumen-jarrerari erantzuten diote.

Musika lagun izaten du Mari Purik bere sormen prozesuan. Eta musika klasikoari dagokionez bere gustuak definitzerakoan, Marta Cárdenasekin zuen adiskidetasunari esker ezagutu zuen Luis de Pablo konpositorearengandik ikasitako guztia azpimarratzen du: «berak adierazten zizkidan egileak primerako hautuak dira guztiak». Eta Hamabostaldiari buruz, zera dio: «Aspalditik da oso ezaguna. Ospe handikoa da eta jarrai beza horrela! Sentsibilitatea duen edonor baldin badago, Hamabostaldiak biziraungo du… Seguru!»

 

 

Local

Estibalizko Andra Mariaren Etorbidea, 5
Vitoria-Gasteiz, Álava 059 España