
«Stardust» filmak XX. mendeko arkitekturan erreferenteak izandako Robert Venturi eta Denise Scott Brown bikote ameslariaren istorioa kontatzen du.
Venturik eta Scott Brownek berrogeita hamar urtez partekatu zuten samurtasunak, umoreak eta jakin-min intelektual agortezinak markatutako bizitza. Iraultza isila bultzatu zuten arkitekturan, modernismoaren dogma zurrunak desafiatuz, konplexutasuna, sinbolismoa eta eguneroko paisaien bidezko ikaskuntza aldarrikatuz.
Jim Venturi semeak intimitate paregabez filmatu zuen Stardust Robert Venturi eta Denise Scott Brownen begietatik munduari begiratzeko gonbidapen bat da. Road movie gisa hedatzen da filma, eta beren bizitzan funtsezkoak izandako lekuak zeharkatzen ditu –Erroma, Venezia, Paris, Londres, Filadelfia eta Las Vegas–. Beren pentsamendu burutsu eta subertsiboa erakusten du, baita gizonek menderatutako lanbide batean izandako borrokak (Pritzker Sariaren eztabaida ezaguna barne) eta lankidetzaren ideia arkitektura bihurtu zuen aliantza baten sendotasuna.
Nazioarteko kritikak goraipatua, Stardust erretratu dibertigarria, hunkigarria eta sakonki gizatiarra da.
Stardust: A Story of Love and Architecture (2025) filma Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbaon proiektatuko da, Bilboko Arte Ederren Museoarekin egindako lankidetza-hitzarmenari esker, eta María Pia Fontanak eta Miguel Mayorgak komisariatutako Denise Scott Brown. Hiria. Kalea. Etxea erakusketaren programa publikoaren esparruan.
Jim Venturi zuzendariak parte hartuko du aurkezpenean, eta ondorengo solasaldia gidatuko du.