Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Zinemateka Azkuna Zentroa: «FRITZ LANG AMERIKAN»

abril 21 - junio 11

Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaoren Zinematekak Fritz Lang izenez ezaguna den Friedrich Christian Anton Lang-en filmografia berrikusiko du, Amerikako etapa ardatz izango duen ziklo batean.

Nazismotik ihesi, zinemagile alemaniarrak lurralde berri bat aurkitu zuen sorkuntza lantzeko, Estatu Batuetan eta Hollywooden. Hogei film baino gehiago zuzendu zituen, bere burua berrasmatu, eta krimen eta noir zinemaren oinarriak ezarri zituen.

Programa honetarako hautatutako filmek Lang-en filmografian errepikatzen diren gai batzuetan sakontzen dute: pertsonak duen hauskortasun morala sistemaren aurrean. Diktadura batean, egunkari baten erredakzioan, harreman sentimental batean zein prozesu judizial batean egon, beren filmetako protagonistak mugitzen diren unibertsoan, egia nahasgarria da eta justizia zalantzazkoa.

Zinematekak aurretik ere proposatu ditu Fritz Lang-i buruzko zikloak, baina bereziki egokia da orain etapa honetara itzultzea. Gaur egun, muturreko diskurtsoak berpizten ari dira eta pitzadurak ikusten dira instituzio demokratikoetan. Horiek horrela, Fritz Lang-en zinemak sekula baino gaurkotasun gehiago du. Bere lanak gogora ekartzen digu egiturazko indarkeria, manipulazio kolektiboa eta bidegabekeria ez direla abstrakzio historikoak, baizik eta errepika daitezkeen dinamikak. Ziklo honek ibilbide bat egin nahi du zinema klasikoaren etapa erabakigarri batetik eta, gainera, gonbidapen bat da orainari begiratzeko XX. mendeko zinemagilerik handienetako baten buru-argitasun gupidagabearekin.

Bestalde, Thea von Harbou-ren Metropolis (1925) eleberria 2026an gertatzen da, Lang-ek 1927an zuzendutako izen bereko film mitikoaren oinarria. Zikloa hasiko da, zientzia fikzio modernoaren sorburua den Metropolis filmaren emanaldi batekin.

Estatu Batuetan hamarkada bat baino gehiago igaro eta sei film egin ondoren, proiektu berri batean murgildu zen, herrikide zuen eta erbesteratuta ere bazegoen Bertolt Brecht-en eskutik. Antzerkigile eta poeta ospetsuarekin batera, Hangmen Also Die! (Borreroak ere hil egiten dira) (1943) lanaren gidoia egin zuen. Lang-ek patu gisa aurkeztu zuen halabeharra, faxismoaren aurkako borrokari egindako ekarpen pertsonal ugarietako baten bidez.

Zinema beltzeko Scarlet Street filma (1945) umiliazioari eta egiturazko indarkeriari buruzko tratatu bat da. Argi erakusten digu nola hondatzen duten obsesioak eta printzipiorik ezak gizabanako arrunt bat, eta justizia, sarritan, egiaren mende baino gehiago kasualitatearen edo itxurakerien mende dagoela.

Programak Rancho Notorious (1952) ere barne hartzen du, Lang-ek Hollywooden filmatu zituen hiru western-etako azkena. Agian, pertsonalena, eta Marlene Dietrich aktoreen zerrendan duena.

Clash by Night (1952) zinema beltzeko film bat da, krimenik gabekoa, eta melodramatikoa, amodiozko triangelu batean fokuratzen baita. Darion errealismo soziala nabarmentzen da, Clifford Odets-ek ekarria, filma haren libretoan inspiratuta baitago.

While the City Sleeps filmean (1956), krimena aitzakia bat da ikusleak komunikazio-talde boteretsu baten zirrikituetan sartzeko. Kazetaritzako erredakzio bat gudu-zelai korporatibo bihurtuta. Anbizio profesionalak harreman pertsonal intimoenak ere usteldu ditzakeela islatzen du.

Beyond a Reasonable Doubt (1956) filmarekin itxiko da zikloa, Lang-en Amerikako aldiko azken filma. Gero, Alemaniara itzuli, eta zinema egiten jarraitu zuen. Lang-ek hasi bezala amaitu zuen Amerikako etapa, sistema judizialaren hutsune eta akatsen aurkako salaketa gordin eta gogor batekin.

Local

AZ Azkuna Zentroa – (Bastida Aretoa)
Arriquibar Plaza, 4
Bilbao, Bizkaia 020 España