
Abuztuaren 12an eguzki eklipsea izango da ikusgai Euskadin. Eusko Jaurlaritza salbuespenezko fenomeno hori hartzeko prestatzen ari da, ez bakarrik antolamenduaren ikuspegitik, baita zientzia —bereziki astronomia— herritar guztiengana hurbiltzeko aukera paregabe gisa ere. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren koordinaziopean, Eusko Jaurlaritzako gainerako sailak elkarlanean ari dira dagoeneko ekitaldia prestatzeko. Foru aldundiak eta udalak ere badabiltza horretan buru-belarri. Eginkizun nagusien artean, behaketa tokirik egokienak identifikatzen dabiltza, eklipsea ahalik eta ondoen ikusteko. Halaber, logistika eta segurtasun neurriak prestatzen ari dira.
Eklipsearen inguruan sortzen den informazio guztia herritarren eskura jarriko dute, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak bultzatutako eklipsea.euskadi.eus webgune ofizialaren bidez.
Webguneak informazio praktikoa eskainiko du, fenomenoaren ordutegiak eta faseak zehaztuko ditu eta modu seguruan gozatzeko gomendioak emango ditu.
Erakusketa ibiltaria
Apirilaren 1ean, Bi ilunabarren eguna erakusketari hasiera emango diote Zarautzen, fenomeno astronomikoa modu didaktiko eta erakargarrian erakusteko.
EAEko hainbat tokitan egingo diren dibulgazio jardueren egitarauaren barruan kokatzen da erakusketa, eklipseen gakoen berri herritarrei emateko helburuarekin. Aurreikusitako ekimenen artean, ekainaren 20an Gasteizen egingo duten jaia nabarmendu dute.