Cargando Eventos

« Todos los Eventos

«Estrategiak (I. entsegua)», Zigor Urrutia

abril 9

Zas Kulturrek Zigor Urrutiaren obra bat sartu du hurbileko artelanen funtsean, eta “Estrategiak (I. entsegua)” katalogoa aurkeztuko du

Jarduera KMO #18 programaren barruan egingo da, apirilaren 9an, 19:30ean, eta Amurrioko produktuen dastaketa ere izango du

Zas Kulturrek KMO. Hurbileko artelanen funtsa zikloko hitzordu berri bat hartuko du ostegunean, apirilaren 9an, 19:30ean. KMO #18 “Just do it. (I. entsegua)” izeneko saioan “Estrategiak (I. entsegua)” erakusketaren katalogoa aurkeztuko da, Zigor Urrutiaren obra bat Zasen hurbileko artelanen funtsean sartuko da eta Amurrioko produktuen dastaketa egingo da.

Jarduerak 2024aren amaieran Zas Kulturren aurkeztu zen “Estrategiak (I. entsegua)” erakusketari emango dio jarraipena. Proiektu hartan, Zigor Urrutiak boterearekin, artearekin eta ikusgarritasunarekin dugun harremanaz jardun zuen, baita kapitalismoak eraikuntza sozial, ekonomiko eta kulturaletan duen pisuaz ere. Erakusketak memoria kolektiboa, hizkuntza kontrolerako tresna gisa eta iraganaren eta orainaren arteko tentsioa jarri zituen mahai gainean, zentzuaren eraikuntzan materialek funtsezko lekua zuten piezen bidez.

Lan horretan, Urrutiak artearen diskurtso historikoak eta kapitalismo neoliberalaren dinamikak aurrez aurre jartzen ditu. Hor, indibidualismoak eta etengabeko ekoizpenak subjektua moldatu eta munduan kokatzeko modua baldintzatzen dute. Bere obrek boterearen narrazioei, hizkuntzatik bertatik ere jarduten duten kontrol mekanismoei eta gaur egungo ziurtasun askoren muntai izaerari buruzko irakurketa kritikoa proposatzen dute.

Altzairua, egurra, argizaria edo torlojuak ez dira euskarri hutsak, diskurtsoaren parte baizik. Urrutiaren piezetan, materiak aldi berean erakutsi eta ezkutatu egiten du, itxuraz sendoak diren gainazalak eraikiz, baina zalantzak, simulazioak eta ikusgarriaren eta ezkutuaren arteko gatazkak zeharkatuta.

Katalogoaren aurkezpenak erakusketa-proiektu hori argitalpen gisa finkatzeko aukera emango du, aretotik harago ere bere ibilbidea luzatuz. Horri gehitzen zaio artistaren obra bat Zasen hurbileko artelanen funtsean sartzea. Lan-ildo horren bidez, espazioak inguruko artistei eta gertuko prozesuei lotutako bilduma bat sendotzen jarraitzen du, erakusketa, artxiboa, bilduma eta testuingurua elkarren artean lotuz.

Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatua, Ikus-entzunezkoen espezialitatean, Zigor Urrutiak arte plastikoak, irudia eta komunikazio bisuala gurutzatzen dituen ibilbidea garatu du. Bere lana egunerokotasunaren, topaketaren, komunikazioaren eta gaur egungo ikusgarritasun gailuek esperientzia eta harremanak nola baldintzatzen dituzten bezalako gaien inguruan ardaztu da.

 

Argitalpena doan banatuko da jardueran, eta saioa Amurrioko produktuen dastaketarekin amaituko da.

Local

ZAS Kultur Espazioa
Plaza San Anton, 2
Vitoria-Gasteiz, Álava 059 España