
Bilboko Udal Musika Bandaren 2025-2026ko denboraldiaren egitarauaren barruan.
Bilboko Udal Musika Bandak datorren igandean, apirilaren 19an, “Musika-hareatzak” izeneko kontzertua eskainiko du 12:00etatik aurrera Euskalduna Jauregian. Kontzertua 2025-2026 denboraldiko “Profilak” zikloko hitzordu nagusietako bat da eta José Rafael Pascual-Vilaplana Zuzendari Gonbidatu Nagusiaren gidaritzapean garatuko da. Muroko maisuarekin Sergio Carolino tubista portugaldarra ere arituko da bakarlari lanetan, Musikeneko ikasleekin lankidetzan.
Programak estreinaldi bat, errepertorio garaikidea eta XX. mendeko klasiko handiak uztartzen dituen ibilbide musikal bat proposatzen du. Lehen zatian, Gabriel Erkorekak Bilboko Udal Musika Bandaren 130. urteurrena dela eta sortutako “Arenal” lanaren estreinaldia izango da protagonista. Obrak nortasunari eta eraldaketari buruzko hausnarketa ozena proposatzen du, Areatza hiribilduan elkartzeko gune enblematiko gisa hartuta.
Ondoren, Salvador Brotonsen «Tuba Concerto op.154» interpretatuko da, instrumentu honen adierazpen eta teknika aukerak balioesten dituen obra, tinbro eta erritmo ñabarduretan aberatsa den idazkerarekin. Bandak Sérgio Carolino nazioarteko tubajole ospetsuaren parte-hartzea izango du, egungo musika panoramako figura nabarmenetakoa, bakarlari gisa egindako ibilbideagatik eta mundu osoko agertokietan egon izanagatik aitortua.
Kontzertuaren bigarren zatia Leonard Bernsteinen musikara bideratuta egongo da, bere sormen-unibertsoko bi obra adierazgarrirekin: Fancy Free balletaren “Danzón” eta West Side Storyren dantza sinfonikoak. Bandarako egokitutako bertsioetan interpretatuko dira, eta hizkuntza sinfonikoa, jazza eta hiri-erritmoak uztartuko dituzte.
Hitzordua igande honetan izango da, apirilaren 19an, 12:00etan, Euskalduna Jauregiko Auditoriumean. Sarrerak jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan eros daitezke.
Denboraldiari apirilaren 26an emango zaio amaiera, “In modo di sátira” kontzertuarekin, Miquel Rodrigo i Tamarit gonbidatuaren zuzendaritzapean. Palau, Asins Arbó, Ives eta Shostakovichen lanek osatuko dute umore eta erritmoz beteriko programa satiriko eta zirikatzailea.
PROGRAMARI BURUZKO OHARRAK (José Rafael Pascual-Vilaplana)
Partitura batean, hareatza batean bezalaxe, partikula txikiak fusionatu egiten dira egitura berriak sortzeko. Eta bi-bietan, utzitako aztarnek agerian uzten dituzte bizitzak sortzen dituen askotariko interpretazioak: bizitza bakoitzak nortasun bat islatzen du, eta, arte galkorra denez, desegin egiten da, beste batzuek beren arrastoa uzteko zain.
Bilboko Udal Musika Bandaren 130. urteurrenaren (1895-2025) jardueren barruan, bandarako partitura berri bat enkargatzea pentsatu genuen, bandaren historia ez ezik, bere etorkizuna ere ospatzeko. Gabriel Erkoreka maisua (Bilbo, 1969) musika-sorkuntza garaikidearen erreferenteetako bat da. Carmelo Bernaola edo Luis de Pablo euskal maisu ospetsuen ikasle izan zen, eta Londresko Royal Academy of Music-en amaitu zuen bere prestakuntza. Enkarguak egiten ditu Europako, Amerikako eta Asiako nazioarteko hainbat talde eta jaialditarako. Arenal proposamenak tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko fusiozko alegoria bat eskaintzen digu. Egileak berak honela definitzen du bere obra: “Alde batetik, obrak naturarekiko dudan etengabeko interesa islatzen du. Horretarako, material musikalen hainbat geruza gainjarri ditut, muturreko erregistroetan, hala nola tuba eta piccoloa, zeinak, sedimentu gisa, elementu abstraktuei —pikortatzeari eta formazio uhinduei, besteak beste— egiten baitiete erreferentzia: beti aldakor haizearen eta mareen eraginez, harea elementu eraldatzailea izanik. Eta, bestetik, bilbotarren topagune nagusi den Areatza islatzen du, material figuratiboagoak elkartuz eta musika landuari (Arriaga), herri-musikari (kioskoa)… erreferentzia eginez”.
Programak beste proposamen artistiko batekin jarraituko du; hain zuzen, tuba bakarlari eta bandarako concerto batekin. Salvador Brotons maisua (Bartzelona, 1956) konposizio garaikidearen beste erreferentetako bat da, eta nortasun handiko sormenezko corpus bat garatu du. Horren barnean, orkestra-instrumentuetarako konposatu dituen kontzertu ugariak dira nabarmentzekoak. 2020ko pandemian, Kataluniako musikariak Tubarako Kontzertua idatzi zuen, instrumentu horren nortasuna nabarmentzeko asmoz; izan ere, askotan ohiko errepertorioetan ahaztuta gelditzen da. Jatorrizko ideia sonata-forma bat idaztea zen; hala, hiru mugimenduek tubaren gaitasun teknikoak nahiz adierazkorrak garatzen dituzte, tinbre eta erritmo handiko ehunduren bidez. Bandarako bertsioa 2024an prestatu zen, eta Espainiako Tuben eta Bonbardinoen Elkartearen (AETYB) 2025eko biltzarrean estreinatu zen, Valentzian. Bai orduan, bai gaurko kontzertuan, nazioarteko tuba-interprete garrantzitsuenetako bat izango dugu bakarlari: Sergio Carolino maisu portugaldarra.
Kontzertuari amaiera emateko, Leonard Bernstein (1907-1992) musikari iparramerikar apartaren bi partituraren bandarako bi egokitzapen entzungo ditugu. Pertsona ospetsu gutxi nabarmentzen dira, Bernsteinen antzera, hainbat esparrutan, hala nola zuzendaritzan, konposizioan eta pedagogian. Bernsteinen unibertso eklektikoak artearen eta gizartearen zerbitzura dagoen artisautzaren adibide gisa taxutzen du bere musika. 40ko hamarkadan, Bernsteinek Jerome Robbins (1918-1998) koreografo newyorktarrarekin hasi zuen lankidetza artistikoa, eta American Ballet Theatre-k enkargatutako Fancy Free balleta sortu zuten. Balleteko hiru marinel protagonistek New Yorkeko kaleen erdian interpretatzen duten Danzon-a obra horren orrialde ospetsuenetako bat da, eta musikal bihurtu zen On the town izenburupean. Gaur interpretatuko dugun bandarako bertsioa John Krance (1934-1989) konpositore eta moldatzaile amerikarrak egin zuen 1963an. Washingtongo US Marine Band-en moldatzaile nagusia izan zen.
1957an, Bernsteinek, Robbinsekin batera, antzerki musikal amerikarraren iturritzat jotzen den musika-orrialdeetako bat sortu zuen. West Side Story Shakespearen Romeo eta Julietaren bertsio berezia da. Bertsio horretan, Capuletoak eta Montescoak Jets eta Sharks izeneko bi banda lehiakide bihurtzen dira, kulturen gurutzada nagusi den New York batean. Tony eta Maria gizarte-errealitate oso berezi baten erdian maitemindu egiten dira. Musika latinoek, jazzak, hizkuntza operistikoak eta sinfonikoak bat egin zuten XX. mendeko konposizio mitikoenetako batean, zeinak tradizio eszeniko musikal europarren eta amerikarren elementuak fusionatu baitzituen, opera edo komedia musikala ez den arte originala sortuz. Dantza, obraren funtsezko elementua den aldetik, obraren hainbat atal biltzen dituen suite sinfonikoan aldarrikatu egiten da, egilearen irudimen eta adimen sortzaile handia agerian utziz.
Bilboko Areatzak hiriaren epizentro sozial eta kulturala izaten jarraitzen du. Jende askok utzi du bere aztarna bertan, eta, bereziki, Bilboko Udal Musika Bandak, zeina hiriko historiaren benetako soinu-banda baita.
José R. Pascual-Vilaplana
JOSÉ R. PASCUAL-VILAPLANA (Muro, 1971)
Bartzelonako Udal Bandaren zuzendari titularra da 2018tik, Bilboko Udal Bandaren zuzendari gonbidatu nagusia eta zuzendari titularra 2015 eta 2025 bitartean, eta Portoko Portugalgo Banda Sinfonikoaren zuzendari elkartu nagusia da.
Bandako zuzendaritza ikasi zuen Jan Cober (Herbehereak), Eugene Corporon (AEB) irakasleekin eta Orkestrako zuzendaritza Karl Österreicher, Yuji Yuhasa eta Hans Graf (Austria) irakasleekin. Zuzendari gonbidatua da hainbat taldetan: Kubako Banda Nazionala, Holandako Errege Marinaren Banda, Buenos Airesko Udal Banda, Montevideoko BS, Kolonbiako Gazteen Banda Nazionala, Esloveniako SAF Army Band, Wasbe Youth Wind Orchestra (San José, California), Valléseko OS, Murtziako OS, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Kanaria Handiko OF, Gaztela eta Leongo OS, Veneziako Accademia La Fenice OS, Suitzako WB, Coruñako, Alicanteko, Bartzelonako, Tenerifeko Santa Cruzeko eta Konpostelako Santiagoko udal bandak, Oviedoko Kontserbatorioko Banda eta Orkestra Sinfonikoa, Kanarietako Goi-mailako Kontserbatorioko Banda, Granadako BCS, Musikeneko banda, etab. Valentziako Erkidegoko hainbat bandaren zuzendari titularra izan da, baita Albaceteko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusia ere 2001etik 2013ra.
Besteak beste, Paquito d’Rivera, Asier Polo, Sergei Nakariakov, Elisabete Matos, Ana Mª Sánchez eta Estrella Morente bakarlariekin elkarlanean aritu da. Luis de Pablo, José Mª Sánchez-Verdú, Leonardo Balada, Johan de Meij, Franco Cesarini, Bert Appermont, Enric Palomar eta Agustí Charles egileen lanen munduko estreinaldiak zuzendu ditu. Kerkradeko WMCren (Holanda, 1997) eta Birminghameko EBBAren (Ingalaterra, 2000) nazioarteko zuzendaritza-lehiaketen irabazlea da. 2020an Bilboko Koral Elkartearen «Maitena Saria» jaso zuen.
SÉRGIO CAROLINO (Tuba)
Yamaha-ko nazioarteko artista eta tubajole portugaldarra den Sérgio Carolino nazioarteko eszenako tubajolerik ospetsuenetako bat da. Mundu osoko jaialdi, kontserbatorio eta unibertsitate askotan (Europatik Australiara, Asia eta Ipar zein Hego Amerikatik igarota) etengabeko jarduna du bakarlari eta irakasle gisa.
2002az geroztik, proiektu musikal berritzaile ugaritan parte hartu du: TGB hirukotea (Mário Delgado eta Alexandre Frazãorekin); 2tUBAS&friends (Anne Jelle Visser tubajolearekin); XL Duo & Trio (Telmo Marques pianista eta Jeffery Davis bibrafonistarekin); The Portuguese Tuba Ensemble How Low Can You Go? taldearen zuzendaria; European Tuba Trio (François Thuillier tubajolea eta Anthony Caillet eufonio jotzailearekin); The Postcard Brass Band; Tu ß’Horn hirukotea (José Bernardo Silva tronpa jotzailea eta Telmo Marques pianista); TUBAX DUO taldea (Mário Marques soprano saxofoi jotzailearekin); COLOR WHEEL ENSEMBLE (Mário Marques, Telmo Marques eta hari laukote batekin); Mr SC & The Wild Bones Gang; TUBAB duoa (Jorge Queijo bateriarekin); Surrealistic Discussion (João Barradas akordeoi jotzailearekin); Hanging’ from the Strings taldea (tuba eta hari boskotea); Funky Bones Factory! (Paulo Perfeito, Ruben da Luz, Daniel Dias eta Rui Bandeira tronboiekin, Acácio Salero baterian eta Miguel Moreira gitarrarekin); Conical Brass (Jeff Nelsen tronpa jotzailearekin); eta TUBA&DRUMS DOUBLE DUO (Oren Marshall tubajolearekin eta Alexandre Frazão eta Mário Costa bateristekin).
Duela gutxiago, Moderato Tangabile duoa sortu du Daniel Schvetz pianista eta konpositore argentinarrarekin; SubWoof3r hirukotea (Gil Gonçalves tubajolea eta Miguel Moreira bateriarekin); DUO AR. nazioartean ospetsua den MARIA JOÃO jazz abeslariarekin; Daniel Bernardes pianista buru duen CROSSFADE Ensemble-ko kidea da, Jeffery Davis (bibrafonoa), João Barradas (akordeoia), Ricardo Toscano eta Mário Marques (saxofoiak) eta Hugo Assunção (tronboia) lagun dituela; TransAtlantic Tuba Connection (Mike Forbes tubajolea eta Pedro Silva bateriarekin); YAMAHA TUBA DUO (Shimpei Tsugita tubajolearekin); eta “T’NT” Tuba ’N Tuba proiektua (GENE POKORNY, Chicagoko Orkestra Sinfonikoko tuba nagusiarekin).