
Udaberriko Musikaldiak Azkoitiko kultur eskaintzaren hitzordu nagusienetarikoak eskaintzen ditu. Aurtengoa 34. edizioa izango da. Santa Kutz komentuan lau kontzertu eskainiko dira guztira, maiatzeko lehen lau larunbatetan, maiatzaren 2an, 9an, 16an eta 23an, alegia. Hitzordua 18:30ean izango da.
Ohi bezala, Udalak garraio zerbitzua jarriko du joan-etorria autobusez egin nahi dutenentzat. Autobusa 18:00etango da Julio Urkixo 7 kaleko geralekuitk. Ez da aldez aurretik izena eman behar autobuserako. Itzulerako ibilbidea kontzertua amaitzean egingo da.
Oscar Rodriguez santandertarrak eta Ignacio Arakistain azpeitiarrak osatutako Aire(h)ari bikoteak emango dio hasiera zikloari maiatzaren 2an, pianoa eta armonioa uztartuz. Azken hau ez da oso ohikoa gaur egun eszenatokietan, baina Oiartzungo Organozaleak Elkarteak berriro protagonismoa eman eta bultzatu egin nahi izan du. Haydn, Franck, Widor, Stravinsky edo Wagnerren obrak interpretatuko dituzte.
Hilaren 9an, Iberia laukoteak hartuko du lekukoa, Juan Crisostomo de Arriaga (Bilbo, 1806 – París, 1826) konpositorearen omenezko kontzertu-omenaldi batekin, haren heriotzaren bigarren mendeurrena dela-eta. Taldea Madrilen sortu zen 2018an, eta sortu zenetik bere maisuen laukote-tradizioari eutsi dio, generoaren obra handien interpretazioari ikuspegi berria emanez.
Maiatzaren 16an, Ainhoa Zubillagak, Juan Laboreriak eta Iñaki Salvadorrek «Musicales con huella» taularatuko dute, musikalaren generoaren unibertsoan zehar bidaia eklektikoa eginez, irrati programa bat ardatz hartuta.
Euskadiko Goi Mailako Musika Ikastegian, Musikenen, jaiotako Ibarian Brass metal haize boskoteak emango dio amaiera 34. edizioari. Orkestra-arloan eta ganbera-musikan ibilbide sendoa eta aitortua duten musikariek osatzen dute taldea eta goi-mailako proposamen artistaikoa eskainiko dute.