
2026ko Getxophoto jaialdiaren barne.
Energia berrezartzeko modu unibertsal bat badago, garai eta kultura guztietan ohikoa dena, zalantzarik gabe, uraren bidezko garbiketarena da. Garbiketak, purgak edo sendatzeko errituak izan, birsortzeko zeremonia askotan ura da protagonista, jatorrizko elementu, sendagarri eta baretzaile gisa.
The Whale-n (Balea, autoen garbitokiaren izena), Shahram Saadat argazkilari britainiar-irandarrak autoak garbitzeko makinak trantze-egoeratik gertu dagoen esperientzia baten eszenatoki bihurtu ditu. Umorearen eta seriotasun absolutuaren artean, kanpoko mugimenduaren eta barneko lasaitasunaren artean, espazio sakratuetako jarrera meditatiboaren eta gasolindegi bat bezain hutsala den leku bateko denbora hilen asperduraren artean, Saadatek bere pertsonaiak linbo batean esekita harrapatzen ditu, begirada galduen eta adierazpenik gabeko aurpegien erdibideko toki batean. Surrealistak, poetikoak eta kezkagarriak, artista honen irudiak aldendu egiten dira bere ibilbide hasierako erretratu eta dokumentaletik, pintura abstraktura edo lengoaia kontzeptualera hurbiltzeko. Esperientzia arrunta munduen arteko muga bihurtzen da, espiritua eta autoa berrituta azaleratzen den igarotze-unea.
1995ean Paris-en jaioa, Shahram Saadat Londres-en bizi den argazkilaria da. Giza idiosinkrasietan eta eguneroko bizitzan ezkutatzen diren tentsio isilekiko etengabeko interesak inspiratzen du Saadaten lana. Pentsamendu kontzeptual batetik abiatuta, Saadaten lanak gizarte-portaeraren identitatea, desplazamendua eta izaera performatiboa bezalako gaiak aztertzen ditu. Era honetara, argazki-enkoadraketaren barruan erreala, entseatua edo oharkabean errebelatua dena zalantzan jartzera gonbidatzen du ikuslea. Shahram Duende argitaletxe esperimental eta irabazi-asmorik gabeko galeriaren sortzailea ere bada. 2015ean sortua, irudi-sortzaileen, eskultoreen, diseinatzaileen eta idazleen talentu emergentea ezagutarazten ahalegintzen dira. Tokiko komunitateekin egiten du lan hezkuntza-tailerrak eskainiz.
Ordutegia: