
2026ko Getxophoto jaialdiaren barne.
Jan Richard Heinicke artista alemaniarraren Radiant Grounds lanak irabazi du PhMuseum argazki plataformak Getxophotorekin lankidetzan urtero egiten duen deialdia. “Lurralde erradiatzaileak” izenburuko lan hau Groenlandiako lur arraroei eta uranio-meategiei buruzko ikerketa bisual bat da. Planetako leku kritikoetako bat da, non gaur egun munduko ordena berriaren orekak birnegoziatzen diren; lehen urruneko lurraldea zena gaur egun irisgarri bihurtu da, berotze globalaren eraginez nabigazio-bide berriak ireki baitira.
Argazki dokumentalaren mugak zabaltzen dituen hurbilketa formal baten bidez, Heinickek fenomeno konplexu eta multidimentsional batean inplikatutako eskalak atzematea eta bisualki itzultzea lortzen du, tokiko komunitateei eginiko begirada intimotik eta lurraldearen gaineko ikuspegi politikotik haitz eta mineralen materialtasun fisikoraino, zeinetatik erradioaktibitatearen presentzia fantasmagorikoa –eta ikusezina– jario den.
Heinicke 1991n jaio zen Alemaniako Ruhr eskualdean, eta hiri- eta eskualde-plangintza ikasi zuen Dortmundeko Unibertsitate Teknikoan bost urtez. Ikasketak amaitu ondoren, Hego Amerikara bidaiatu zuen hainbat hilabetez. Denbora horretan, ingurunearen argazki-esplorazioak indartu egin zuen Hannoverreko Zientzia Aplikatuen eta Arteen Unibertsitatean fotokazetaritza ikasteko nahia. Besteak beste, Greenpeace Magazine, Die Zeit, Der Spiegel, Stern eta Süddeutsche Zeitung aldizkarietan argitaratu du bere lana. 2019an, bere lanak VGH Saria jaso zuen eta “College Photographer of the Year”-en «Argazki Dokumentalen» kategorian brontzea lortu zuen. Bere hainbat proiektu, 2018 eta 2020ko Lumix Festival jaialdian eta 2018 eta 2020ko Perpinyango “Visa pour l’Image”-en erakutsi dira.