Cargando Eventos

« Todos los Eventos

EHUren Uda Ikastaroak 2026: «Itzulpengintza, feminismoa eta hizkuntza gutxituak elkartrukean»

julio 6 - julio 7

Ikastaro honek feminismoa, itzulpengintza eta hizkuntza gutxituen elkartrukea sustatu nahi du, ikuspegi akademikotik, profesionaletik zein sozialetik. Horretarako, hainbat arlotako agenteen ikuspegiak bildu nahi izan dira ikastaroan. Hain zuzen ere, itzulpengintza jarduera soziala den heinean itzulpen prozesuan parte hartzen duten pertsonek garrantzia handia dute, eta, horregatik beragatik, feminismoak funtsezko rola izan dezake itzulpengintzarako hurbiltze kritikoan. Ikastaro honen helbururik behinena teoria kritikoa, itzulpenaren praktika eta hausnarketa soziolinguistikoa sustatzea da.

Lehenik eta behin, ikuspegi teorikoa eskainiko du ikastaro honek. Eta horretarako itzulpengintza feministaren eremuan erreferentziazko adituak bildu nahi izan dira, hain zuzen ere, hizkuntza gutxituetako aditu ere badirenak. Haien ikerlanen bitartez, hizkuntza gutxituen, itzulpengintzaren eta feminismoaren arteko intersekzioan sakontzeko parada izango da. Hiru hitzaldi bilduko dira, eta amaieran, sintesi saio baten bitartez, hiruren arteko loturak egingo dira. Helburu izango da, baita ere, ikuspegi teoriko eta akademiko hori gizarteari nola transferitu hausnartzea.

Ikastaroan hainbat alorretako adituak eta arituak ere bildu nahi izan dira, eta guztien artean ikuspegi zabala eskaini kulturaren eta gizartearen eremu ezberdinei lotuta. Ikus-entzunezko eremuan, literaturan eta hizkuntza-teknologietan jarriko da arreta. Hala, intersekzionalitateak ikus entzunezko itzulpenean duen presentzia eta irisgarritasuna jorratuko da. Halaber, kultur produktuen ekoizpenari lotuta, literatur eremuan ikuspegi feministak betetzen duen lekua ere aztergai izango da. Pentsamendu feministari loturiko itzulpenak argitaratzen dituzten argitaletxeen ikuspegia eskainiko da, bai eta testu feministen itzulpenean diharduten itzultzaileena ere.

Amaitzeko, hizkuntza-teknologietan ere jarri nahi izan da fokua. Teknologia horiek hizkuntza gutxituen testuinguruan sortuak direnean, hizkuntza jakin horren beharrizanak eta ezaugarriak kontuan izanda garatzen dira, eta erabiltzaileen mesederako emaitzak lortzea dute helburu. Euskal Herrian garatutako hizkuntza teknologiek generoaren ikuspegitik egiten duten lanketa espezifikoa ezagutzea izango da helburu, eta hala, gizarteari eta lanbideari egiten dieten ekarpena ezagutzeko parada izango da.

Azken urteetan ikuspegi feministak indarra hartu du gizartean, eta berdintasuna sustatzen duten praktikak zabalduz doaz erakundeetan, merkatuan eta gizartean. Itzulpengintzan ere nabarmena da joera hori, alabaina, euskararen eremuan, oso gutxi izan dira ikuspegi akademikotik gai horiek uztartu dituzten azterketak. Ikastaro honen bitartez, euskararen, itzulpengintzaren eta feminismoaren arteko harremanean sakonduko da, elkarrekin bilduta itzultzaileak, editoreak eta ikertzaileak.

Informazio gehiago

Local

Miramar Jauregia eta Oñatiko «Sancti Espiritus» Unibertsitatea
Donostia / San Sebastián, Gipuzkoa 069 España