
Etxepare Euskal Institutuaren misio nagusietako bat da euskara eta euskal kultura nazioartean sustatzea eta ezagutaraztea. Gaur egun, 33 irakurletza ditu Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan, eta bertan 27 irakurle ari dira lanean euskara eta euskal kulturaren irakaskuntzan. Horiez gain, 12 katedra sortu dira mundu osoko unibertsitateetan, euskal ikasketen garapena eta etorkizuna indartzeko.
Testuinguru horretan, “Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XVI” ikastaroaren helburua da egungo irakurleen eta etorkizunekoen prestakuntza sendotzea, aurreko edizioetan bezala arlo ezberdinetako adituen ekarpenak jasoz. Aurten, musikaren eta hizkuntzaren arteko harremanari begiratuko diogu: musikan euskarak duen presentzia, gaur egun euskaraz sortzen den musika-aniztasuna, sortzaileek egiten dituzten hizkuntza-hautuak eta horiek nazioartekotze prozesuetan duten eragina izango ditugu hizpide.