Cargando Eventos

« Todos los Eventos

  • Este evento ha pasado.

Bilboko Udal Musika Banda: «Martxak, pasodobleak eta gehiago»

junio 5

Bilboko Udal Musika Bandaren 2025-2026ko denboraldiaren egitarauaren barruan.

Bilboko Udal Musika Bandak “Martxak, pasodobleak eta gehiago” kontzertua eskainiko du ostiral honetan, ekainaren 5ean, Bilboko Udal Banden Udaberriko Denboraldiaren baitan. Emanaldia 19:00etan hasiko da Areatzako Kioskoan. Iñaki Urkizu Kerejetaren zuzendaritzapean, Bilboko bandak martxetan, pasodobleetan eta kutsu herrikoia duten piezetan oinarritutako programa alaia eta hurbila eskainiko dio publikoari.

Egitarauan Piotr Ilich Tchaikovsky, Johann Strauss eta William C. Handy bezalako konpositoreen obrak izango dira entzungai, dinamismoz eta sonoritate herrikoiez beteriko ibilbide musikal batean. Kontzertuak doinu ezagunak, jai giroko erritmoak eta izaera alaiko piezak uztartuko ditu, publiko guztiari zuzendutako proposamen atsegin batean.

Udaberriko Denboraldiak ekainaren 12an jarraituko du “Dantza aireak” kontzertuarekin. Txaber Fernández zuzendari gonbidatuak gidatuko duen emanaldiak kultura eta tradizio ezberdinetako musika eta dantzak izango ditu ardatz, doinu zeltetatik hasi eta erritmo latinoamerikar eta ijito-dantzetaraino.

Iñaki Urkizu Kerejeta (Beasain, 1961)

Bere herriko Udalaren Bandan hasi zen tronpeta jotzen, zortzi urterekin, familiaren tradizioari jarraituta. Handik Tolosako Udal Bandara pasatu zen eta han bakarlari jardun zen hamarkada batez. Donostiako Goi-mailako Kontserbatorioan egin zituen tronpeta-ikasketak Juan Manuel Gómez de Edeta irakaslearekin. Irakasle jardun da Beasain eta Tolosako musika-eskoletan, baita «Arrasate Musical»-en ere.

Instrumentista moduan Euskal Herriko talde askorekin elkarlanean aritu da. Horietako aipagarrienak hauexek: Bilboko Orkestra Sinfonikoa, «Arrasate Musical» Orkestra Sinfonikoa, Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioko Banda Sinfonikoa, Donostiako Talde Barrokoa, Lattor metalezkoen boskotea, Araba Brass Taldea eta Gasteiz Big Band; azken honetan, gainera, zuzendaria izan zen.

Bakarlari moduan egindako lana ere aipagarria da, Benantzi Bilbao eta Aitor Olea organistekin, eskainitako organoaren eta tronpetaren kontzertuetan.

Banden munduan oso ezaguna da moldaketak eta transkripzioak egiteagatik eta musika-banda askok jaso ohi dituzte bere lanak programetan. Laurogeiko hamarkadatik aurrerako euskal musikaren bilduma bat prestatu du eta horien lehen lau zenbakiak argitaratuta daude: «Jaialdia», «Dantzaldia», «Kantaldia» eta «Betikoskorri». Azken lan hori izenak, adierazten duenez, Oskorri folk-talde ezagunaren omenez egina.

Halaber, moldaketa asko musika-ikuskizunarentzat egin du, besteak beste, Serafín Zubirirentzat «Recordando a Nino Bravo» eta «El Baúl de los 70».

Ertzaintzako Musika Bandako zuzendaria izan da 1998tik eta banda horretan tronpeta-jole bakarlari-plaza ere izan zuen. Bere batutapean CD bat grabatu da, Bergarako Orfeoiarekin batera, José Franco, Luis Aramburu, José Mª González Bastida eta Juan Arzamendiren lanekin. Bilboko udalaren musika Bandarekin ere zenbait CD grabatu ditu, bata Bilboko Koral Elkartearekin bere 125.urteurrenan «Kantuz Hari den Herria» izeneko musika-lana, bi abesbatza eta Bandarentzat berak idatzita, eta bestea Zarzuelari eskainita, Masa Coral del Ensanche, Miren Urbieta (sopranoa), Vicenç Esteve (tenorra) eta Fernando Latorrerekin (baritonoa).

Zuzendari gonbidatua izan da Euskal Herriko zenbait Bandetan, Barakaldoko udalaren Banda, Durangoko «Tavira» Musika Banda edo Gasteizko Udalaren Banda, besteak beste. SGAEko kidea eta 2017tik Bilboko Udalaren Musika bandaren zuzendariordea da.

Local

Areatza – (Pinpilinpauxa Konpartsa)
Bilbao, Bizkaia 020 España