‘Nestor Basterretxea, Zinema mugan’ proiekzio zikloa izango dugu datozen hiru ostegunetan Hondarribian.
Oraingoan, Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquert-ek egindako lan ikaragarriaren zati bat gogoratu nahi dugu ‘Nestor Basterretxea, Zinema mugan’ ekimenarekin.
1963an, Basterretxeak eta Larruquertek Frontera Films ekoiztetxea sortu zuten Irunen, Frantzia etorbideko 37. zenbakian (egungo Iparralde etorbidea), Basterretxeak Oteizarekin partekatzen zuen lantegi-etxean. Gune hau euskal kultura garaikidearen epizentro garrantzitsua bihurtu zen urte gutxitan eta ‘Ama Lur’, ‘Pelotari’ eta ‘Alquézar’ bezalako proiektu enblematikoak jaio ziren bertan. Horietako batzuk Hondarribian ikusi ahal izango ditugu orain.
Gaur eta datozen bi ostegunetan, saio bana egingo dira Hondarribian. Gaurkoa eta urriaren 17ko Kultur Etxean egingo ditugu, eta hilaren 10ekoa Itsas Etxea Auditoriumean.
Gaur, urriak 3, «Nestor Basterretxea | Zinema Mugan» eitaldiaren lehen saioa dugu 19:00etan Kultur Etxean. Peio Aguirre eta Juan Pablo Huercanosen hitzaldiaz eta proiekzio desberdinez osatuko da. Sarrera librea izango da.
Ekitaldia osatzen duten beste bi saioak urriaren 10 eta 17an ospatuko dira eta «Ama Lur» luzemetraiaren proiekzioa Itsas Etxea Auditoriumean eta «Nestor Basterretxea filmografia: Pensar, crear, habitar» Kultur Etxean izango dira hain zuzen ere.