Ruper Ordorika kantautoreak kontzertua eskainiko du Gasteizen, azaroaren 22an, Vital Fundazioaren eskutik. Emanaldia Vital Fundazioa Kulturunean izango da (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua), 20:00etan, eta bertan Bakarka Bi interpretatuko du, bere hamabi konposizio ezagunenen aukeraketa, formatu minimalistan, artifiziorik gabe, abestiaren esentzia bilatzen duena. Sarrerak, 5 euroren truke, Vital Fundazioaren egoitzan (Aiztogile kalea 24, Kordoi Etxea) edo www.fundacionvital.eus webgunean eros daitezke jada.
2018ko udazkenean, Ruper Ordorikak Bakarka argitaratu zuen, bere ibilbideko konposizio ezagunenen bilduma. Lan hori 2019ko euskarazko diskorik onena aukeratua izan zen UFIk (Unión Fonográfica Independiente) urtero antolatzen dituen MIN sarietan. Garai hartan, bere ohiko taldearekin egiten zituen kantaldiak eta bere gitarraren eta bere ahotsaren laguntzaz, giro intimoagoetan egiten zituenak tartekatzen zituen. Disko hura esperientzia horien fruitua izan zen.
40 urte luzeko ofizioa bizi eta hogei disko baino gehiago egin ondoren, bere publikoak abesti askoren falta nabaritu zuen Bakarka disko hartan. Orain, 2024an, Ruper Ordorikak lan berria aurkeztu du, hamabi konposizioko aukeraketa berria, formatu minimalistan interpretatzen duena eta, artifiziorik gabe, abestiaren esentzia bilatzen duena.
Disko hau berezia da hainbat arrazoirengatik, horietako bat, formatua. 12 abestiz osatutako CDan aurkeztu da, Bakarka bi izenburupean, horien artean, Erruduna, Zaindu maite duzun hori edo Zaldiak negarrez; eta LP 2 formatuan ere aurki daiteke, lehenengo argitaratutako Bakarka laneko 12 kantuetatik 10 biltzen ditu, baita Bakarka bi berria osorik ere.
Aurreko lanean bezala, grabazioa, nahasketak eta masteringa Azkarateko Mamia estudioan egin ziren Jonan Ordorikarekin, eta lan berri honen diseinua Lutxo Neirak, Ruperren taldeko ohiko baxu-jotzaileak, Bakarka lanerako egin zuen jatorrizko diseinuaren egokitzapena eta berrikuspena da.