Bernat Etxepare bere garaiko gizona zen, kristaua, jakina, baina aldi berean trobadoreek hedatzen zuten poesia kortesa ezagutzen zuen. Baikor begiratzen zion euskarak izango zuen etorkizunari, berak lehenengo aldiz inprimatuko baitzuen 1545 hartan.
500 urte inguru geroago, ibonrg-k doinua jarri die «Lingua Vasconum Primitiae» liburu itzelak biltzen dituen olerki guzti-guztiei; zehatzago esateko, osorik ez direnean, Itxaro Borda idazleak olerki bakoitzetik hautatu dizkion bertsolerroei. Guztira 16 pieza, haietako zenbait a capella emanak, beste zenbaitetan pianora. Batzuk bakarka; beste batzuk, kolaboratzaileen laguntzaz, hala nola Enrike Hurtado, Garazi Navas, Miguel A. García, Verde Prato, Maite Arroitajauregi ‘Mursego’, Matías Riquelme, Fernando Ulzión, SusanaRG, Ane Arana edo Paralux.