Garapen jasangarria izango da Haurrentzako Eguberrietako Parkearen edizio berriaren ardatz nagusia. Parkea Europa Jauregian egingo da, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era. Sarreren aldez aurreko salmenta abenduaren 18an hasiko da, baina ikuskizunek doakoak izaten jarraituko dute. Ohiko eskaintzari EITBk antolatutako ‘Makusi Gabon Festa’ gehituko zaio aurten.
Gainera, Parkearen aurtengo logotipoak natura arloko oinarrizko 4 elementuak biltzen ditu: sua, airea, lurra eta ura. Lau elementu horiek protagonismoa izango dute Parkeko diseinu guztietan, natura errespetatzeko ideia transmititu nahi delako.
EKITALDIAK ETA IKUSKIZUNAK
Haurrentzako Eguberrietako Parkeak espazioka banatuko ditu bere jarduerak. Almudena Cid aretoan, 5 urtetik gorako haurrek formatu handiko jarduerez gozatu ahal izango dute, hala nola ekortzeko makina, bide-zirkuitua, ohe elastikoak eta erorketa askea. Green Capital aretoak hainbat tailerretan parte hartzeko aukera ere eskainiko die, eta Hiribidea Behatokia gunea, berriz, 0 eta 4 urte bitarteko haurrentzat soilik izango da (beti heldu batekin egon beharko dute). Itsasoko puzgarria, bola-igerilekua, ludoteka, aurpegi-pintaketa eta ohe elastikoak izango dituzte bertan. Barandiaran aretoan, adin guztietako aurrentzako karaokea egongo da. Bestalde, Armentia aretoa multimediako jarduerei eta bideojokoei eskainita egongo da. Areto horretan, neska-mutilek kabina simulatzaileak eta kontsolak izango dituzte erabilgarri.
Ikuskizunei dagokienez, bi agertokitan egingo dira. Francisco de Vitoria auditorioan antolatutako ekintzak arratsaldeko 18:00etan izango dira, egunero.
Bestalde, Maria de Maeztu auditorioan, hilaren 2an, ‘Makusi Gabon Festa’ egingo da, EITBren eskutik. Familia osoari zuzendutako ikuskizun erakargarria da. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta Makusiren umorea, musika, abestiak eta dantzak izango ditu, guztia Eguberrietako giroan barneratuta.