Piano-harpa bat oinarri hartuta egindako musika-tresna baten aurkezpena. Haren soinuaren potentzial osoa aztertuko da, hainbat prozesaketa eta modulazio baliatuta. Inprobisazio-saio baten bidez, harparen soinuak eta elementu elektroakustiko eta elektronikoak nahastuz eta integratuz, elkarrizketa organikoa sortu nahi dute espazioarekin eta entzuleekin.
Ate-irekiera, 18:30ean.
Ordurako iristea eskatzen da, gainerako ikusentzuleekiko eta artistekiko errespetuagatik. Beraz, ezin izango da aretoan sartu behin ikuskizuna hasita. Era berean, ez da baimenduko janariarekin edo edariarekin esparrura sartzea.
Lokatza edo lohia da babeslekuak eraikitzeko gizakiok erabilitako lehen materialetako bat. Eskulanak egiteko ere erabil daiteke. Lurzoru buztintsuek arazoak sor ditzakete ibilgailuen zirkulazioan, hezetasun handia badute. Lokatzezko bainuak, osagai bereziekin, sendagarri gisa zein entretenimendurako erabili ohi dira.
Jon Bellido eta Aitor Garcia de Vicuñaren jakin-minetik sortu da Lohi Ensemble, inprobisaziotik eta haien arteko elkarrizketatik abiatuta hainbat sonoritate esploratu eta aurkitzea helburu. Sormen-askatasunean oinarritutako proposamen artistikoa da; esperimentatzeko espazio honetan, dagokien tokia eman zaie elektronikari eta instrumentu akustiko zein elektroakustikoei. Proiektu zehaztugabea da. Hainbat kolaborazio eta instrumentazio esploratzeko gogoak erakarrita, ez dute musika-estilo bakarrera mugatu nahi izan eta beste diziplina artistiko batzuk baliatzen dituzte. Horri esker, saio bakoitza esperientzia berdingabea da, proiektuaren izaera dinamikoa dela eta.
Hau da, behin lokatzetan sartuta, erlaxatu eta murgil zaitez.