Cargando Eventos

« Todos los Eventos

  • Este evento ha pasado.

SUNCINE 2025 – Ingurumenaren Nazioarteko Zinemaldia

marzo 4 - marzo 20

SUNCINE, Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren Erakusketa, 21. ediziora iritsi da Vitoria-Gasteizen eta publiko guztientzako ingurumen arloko zinemarekin lotutako mundu mailako erreferente gisa sendotu da.

Erakusketak planetak ingurumen, sozioekonomia eta kultura arloetan bizi duen egoerari buruzko gerturatze errealista, konprometitua eta kritikoa ekarriko du Arabako hiriburura eta martxoaren 4tik 20ra bitartean egingo da Aldabe gizarte-etxean.

Aurten, zortzi dokumental eskainiko dira, sei saiotan banatuta. Jaialdiak «Genero-begiradak» izeneko saila du, eta emakumeek zuzendutako eta/edo protagonizatutako filmak biltzen ditu. Aurten ikusgai izango direnak dira «Semilla de sal y pimienta«, «Memorias de un mar» eta «Respira mama«.

PROGRAMAZIOA:

SUNCINEko zuzendariak, bestalde, martxoaren 4an, asteartean, Camilo de Castroren eta Brad Allgooden «Patrullaje» Nikaraguako dokumentalaren proiekzioarekin hasiko den aurtengo programazioa aurkeztu du. Aipatutako dokumentalak Erdialdeko Amerikako baso tropikalen krisiaren aurrean abian jarritako misio heroikoa erakusten du. Dokumental horretan, basoak mozten dituzten legez kanpoko abeltzainei erantzunez, basozain indigenek eta afroondorengoek bat egingo dute AEBko kontserbazionista batekin eta kazetari-talde batekin haragiaren industriaren alde iluna erakusteko. Lan horrek dokumental onenaren «Urrezko Eguzkia» saria jaso zuen.

Ostegunean, hilaren 6an, Alicia Van Asscheren «Semillas de sal y pimienta» Espainiako dokumentalaren txanda izango da. Parekorik ez duen gourmet bat sortzeko asmoz batuko diren bost emakumeren istorioa kontatzen du. Aldi berean, gainera, ahabien landaketei, oilo zoriontsuen haztegiei eta elkargune jasangarriei buruzko esperientziak partekatuko dituzte. Haien istorioen bidez, lotura sakonak eraikiko dituzte eta lankidetza- eta jasangarritasun-mezuarekin, jendearentzako inspirazio-iturri bihurtuko dira.

Proiekzioaren ondoren, solasaldi irekia izango da Neus Monllor Amaterrako nekazaritza- eta gizarte-aholkulariarekin.

Zeelanda Berriko film batek irekiko du astearteko, hilaren 11ko, saioa. Jordan Osmonden «Ben & bEartha» filmak Ben Bushell konpostatzaile sutsuaren bizipenak kontatuko ditu. Ben munduko edozein komunitatetan eskala handiko konpostajea ahalbidetzen duen makina garatzeko lanean ari den talde baten burua da. Benen bidaian zehar, ikusleek bEartha ezagutuko dute: eskala txikiko konpostaje komertzialean iraultza sor dezakeen konpostatze-makina automatikoa.

Egun horretan bertan, publikoak Laura Carrauren «Memorias de un mar» dokumentala (Espainiakoa) ikusteko aukera izango du. Karbonoaren zikloan espezializatutako zientzialari talde bat da protagonista, eta Kazakhstanera joango da Aral itsasoa aztertzera. Bere garaian, munduko laugarren lakurik handiena zen eta, orain, ingurumen-kudeaketa txarraren ondorioz, basamortua da. Haien helburua da Aralek jasandako lehorketaren ondorioz atmosferara askatutako karbono kantitatea kuantifikatzea. Espedizioan zehar, itsasoaren atzerakadaren lekuko izango dira eta aldaketa horren eragina jasan duen familia bat ezagutuko dute. Bidaiak, aurkikuntza zientifikoz, esperientzia pertsonalez eta erronkaz betea egongo denak, antzinako itsasoaren bihotzera eramango ditu.

Martxoaren 13an, ostegunean, Suncinek saio bikoitza izango du eta Bruno Zaugg-ek zuzendutako Erresuma Batuko «Antártica» dokumentalarekin hasiko da. Dokumentalaren ardatza bizitza aldarazten duten esperientziak deskribatzea da (hain zuzen ere, horietako bat da Sue Quelch-ek Gold Harbour hondartzan bizi izandakoa). Bizitzaren bolumen erraldoia ikustea eta Planetaren erabateko hauskortasunaz jabetzea (gizakiak areagotu du)… une paregabea izan zen berarentzat.

Proiekzio honen ondoren, publikoak Sergio Izquierdok zuzendutako «Plasticósfera» Guatemalako dokumentala ikusi ahal izango du. Lan horrek munduko koralezko bigarren uharririk handienean zehar egindako espedizio ausarta islatzen du. Espedizio horretan barneratutako Latinoamerikako anbientalisten eta zientzialarien eginkizuna plastiko eta mikroplastikoen kutsadura larriak itsasoko bizitzan, turismoan, arrantzan eta gizakien osasunean zer eragin duen ikertzea eta dokumentatzea da. Ozeanoaren sakontasunra aztertu ahala, arazoaren tamaina eta gizartean eta politikan dituen ondorioak ezagutuko dituzte. Filmak kontzientzia sortzeko borroka ere nabarmentzen du, baita ikerkuntzak eta aktibismoak ingurumenaren kontserbazioan betetzen duten zeregina ere.

Asteartean, hilaren 18an, Aldabe Gizarte Etxean Meri Collazosen «Respira mama» dokumentala emango dute. Bertan, zuzendariak bere alabak arnastea zailtzen dion afekzio genetikoa duela jakiten duenean aurre egin behar dion borroka erakusten du. Une horretatik aurrera, bere bizitza funtsezko eskubide bat bermatzeko borroka bihurtu zen: aire garbia eskura izatea. Filmak norberaren osasunaz hitz egiteaz gain, atmosferako kutsadurari eta kutsadura horrek familia zaurgarrietan duen eraginari buruzko salaketa ere jasotzen du. Meriren istorioak giza osasunaren eta ingurumenaren babesaren arteko lotura azpimarratzen du. Lan horrek Espainiako dokumental onenaren «Urrezko Eguzkia» saria jaso zuen.

Erakusketaren amaiera ostegunean, hilaren 20, izango da, David Fedele & Abubakr Aliren «This jungo life» Marokoko filmaren proiekzioarekin. Dokumental intimista horrek Libiako indarkeriatik ihes egin ondoren Marokoko kaleetan bizirauteko borrokan ari diren Sudango errefuxiatu gazteen bizitza kontatzen du. Ikuspegi humanitarioarekin, protagonisten espiritu erresilientea eta ezbeharren erdian ziurtasunean oinarritutako etorkizuna aurkitzeko duten determinazioa erakusten ditu lanak. Gizakiaren egoera eta errefuxiatuek aurre egin behar dieten borrokak jasotzen ditu.

Emanaldiak Aldabe gizarte-etxean egingo dituzte martxoaren 4tik 20ra bitartean 19:00etan, eta sarrera librea izango da tokia bete arte.

Local

Aldabe gizarte etxea.Ekitaldi aretoa
Vitoria-Gasteiz, Álava 059 España