Antzuolako 2025eko inauteriak martxoaren 1ean ospatuko dira.
Goizeko 10:00etan hasita, kalejira izango da herriko kaleetan zehar Oinarin eta Alborada taldeen eskutik. 12:30ean dantza saio nagusia eskainiko dute Plazan (euria eginez gero, patioan), eta 14:30ean bazkaria izango da frontoian. Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, Sutan txarangak alaituko ditu herriko kaleak.
Oinarinek herritar guztiak mozorrotzera animatu ditu, eta eurekin batera herria kolorez eta dantzaz betetzera. Udalak, bestalde, bi ohar egin ditu bazkariaren harira: batetik, 11:00etan izango da mahaiak eta aulkiak jartzeko ordua; bestetik, otsailaren 24a izango da bazkarirako txartelak eskuratzeko azken eguna, hemen.
Bezperan, Kiliklonen emanaldia
Egitarau nagusia larunbatekoa izan arren, ostiralean, otsailaren 28an, Miru, inauteriak bizi emanaldia izango da Kiliklonen eskutik, 17:00etan, Torresoroan. Sarrerak entradium.com orrialdean zein liburutegian eskuratu daitezke bost euroren truke.
Martxoaren 4an, bestalde, merienda egingo dute 18:30ean Landatxopen, eta antolatzaileek mozorrotuta joateko gonbidapena egin diete elkarteko kideei.