Bilboko Udaleko Antzerki Baliabideen Zentroa den Bilbao Eszenak «Historikas» sorkuntza eszenikoko tailerrari ekingo dio berriro, Nuria Morán Crespo diziplina anitzeko sorkuntzan espezializatutako artistaren eskutik.
Emakumeek historian izan duten papera berreskuratu eta balioetsi nahi duen jarduera da, emakumezko figura askok ez baitute behar bezalako aintzatespenik izan. Lan zientifikoak, artistikoak, literarioak edo bestelakoak egin zituzten emakumeak, bizi izan ziren garaian funtsezko eragina izan zutenak, baina eskola-liburuetan agertzen ez direnak.
Ahaztutako emakume horien zeregina berriz adierazteko, tailerrak 5 eta 15 minutu bitarteko pieza eszeniko txikiak sortzea proposatzen du, eta ikasleek, prestakuntzan aurreikusitako jarduerak osatu ondoren, antzeztuko dituzte. Tailerrak hiru fase ditu. Lehenengoan, ikerketa plastikoko hainbat tresna landuko dira parte-hartzaileak aukeratutako pertsona historikoaren nortasunarekin eta ibilbidearekin ohitzeko, eta, horrez gain, aukeratutako emakumearen historiaren proposamenak, jarduerak eta edukiak aurkeztuko dira.
Bigarren fasean, omenaldi eszenikoa bera osatuko da, elementu dramaturgikoen, ikus-entzunezkoen eta bestelako teknika eszenikoen bidez. Azkenik, ikasleek piezaren sorkuntzari eta eszenaratzeari helduko diote. Eszenaratzea erritual bat izatea da helburua, ikusleak antzezpen bati baino gehiago omenaldi bati laguntzeko.
Tailerrak hamabi saio izango ditu, bakoitza bi ordukoa, eta martxoaren 6an, 13an, 20an eta 27an, ostegunetan, apirilaren 3an eta 10ean, maiatzaren 8an, 15ean, 22an eta 29an, eta ekainaren 5ean eta 12an egingo da. Ekainaren 20an saio bat egingo da eta ikasleek lantegian sortutako pieza taularatuko dute. Ikastaroa Basurtuko Udaltegian emango da (Zankoeta kalea 1, Bilbo) 19:00etatik 21:00etara.
Gehienez ere hamar ikasle egongo dira, eta adin nagusiko emakumeek parte har dezakete sorkuntza eszenikoko jarduera honetan, arte eszenikoekin lotuta egon ala ez, baldin eta historian ahaztutako emakumeei ahotsa eman nahi badiete, pieza/omenaldi bat sortuz.
Tailerraren prezioa 75 eurokoa da, 60 euro Bilbao Eszenako, ADDEko, EABko eta Artekaleko bazkideentzat. Izena emateko epea otsailaren 24tik martxoaren 4ra arte egongo da zabalik, eta izena eman nahi dutenek inprimaki bat bete beharko dute, kultura@bilbao.eus helbide elektronikoan emango dena. Hautatutako ikasleei posta elektronikoz jakinaraziko zaie martxoaren 5ean, eta, une horretan, matrikulazioa formalizatzeko eta ordainketa egiteko eman beharreko urratsen berri emango zaie
Nuria Morán Crespo artista eta sortzailea da eta 35 urteko ibilbidea du arte eszenikoen sektorean. Mama Crea konpainiaren sortzailea da eta diziplina anitzeko sorkuntzan espezializatuta dago.