Cargando Eventos

« Todos los Eventos

  • Este evento ha pasado.

«Emakumeak zientzian. Aldaketa ahotsak»

marzo 16 - marzo 26

Afrikako emakumeen zientzia, Donostian eta Bilbon ikusgai 

  • Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean ikus daiteke gaurtik aurrera Anesvad Fundazioak erakunde akademikoaren lankidetzaz bultzatutako “Emakumeak zientzian. Aldaketaren ahotsak” erakusketa

  • Erakusketa Susanna Martin artistak emakume inspiratzaileen zortzi istoriori buruz eta Artatu Gabeko Gaixotasun Tropikalen aurkako borrokan izan duten inpaktu eraldatzaileari buruz landutako ilustrazioez osatu da, eta Bizkaiko campusera eramango dute jarraian

Bilbo – 2025eko martxoaren 3a. Osasunean espezializatutako Afrikako emakumezko zientzialari-talde bat da gaurtik aurrera Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Donostiako Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean ikus daitekeen Emakumeak zientzian. Aldaketa ahotsak erakusketaren protagonista. Anesvad Fundazioak erakunde akademikoaren lankidetzaz bultzatutako erakusketa honek ikusgarritasuna eman nahi die horien istorio pertsonalei, eta Artatu Gabeko Gaixotasun Tropikalen (AGT) aurkako borrokan izan duten inpaktuari, izan ere, gaixotasun-multzo horrek 1.000 milioi pertsona baino gehiagori eragiten die mundu osoan, eta 3. GJHaren helburu nagusietakoa da.

Susanna Martin artista ezagunaren ilustrazioen bitartez, erakusketan hesiak gainditu eta AGTen aurkako borrokan inpaktu eraldatzailea eragin duten Afrikako zortzi emakume ikertzaileren istorioak jaso dira. Emakume horiek osasun globaleko arazoei soluzio berritzaileak eman eta inspirazio-iturri bilakatu dira emakume zientzialarien etorkizuneko belaunaldientzat.

Erakusketa Donostiako Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean bisitatu ahal izango da martxoaren 16ra arte, eta gero Leioako campusean egongo da ikusgai, martxoaren 17tik 26ra bitartean.

Erakusketa Anesvadek iaz ekoiztutako Think Outside the Box dokumentalaren jarraipentzat sortu da. Nazioarteko jaialdietan izandako arrakastaren ondoren, dokumentalak sormen-ekintza berri honen oinarria finkatu du, fundazioak zientziagintzaren barruko genero-berdintasunaren alde eta osasun globalaren inguruko ikerketaren alde hartu duen konpromisoa berretsiz.

“Afikako emakume zientzialariek sobera frogatu dute beren talentua eta osasun globalaren aurrerakadari egin dioten ekarpena, baina hala eta guztiz ere, oztopo ugari gainditu behar dituzte oraindik beren ikerketen aitorpenerako eta finantzaketarako. Ondorioz, funtsezkoa da emakume ikertzaile horiei eta osasun globalari egin dioten ekarpenari ikusgarritasuna ematea, eta erakusketa honen bitartez, haien lanaren aitorpena bultzatzen jarraitu nahi dugu, zientzia esparruan gero eta emakume gehiagok parte hartzeak duen garrantzia azaltzeaz gain”, adierazi du Iñigo Lasa Anesvadeko zuzendari nagusiak.

Konpromiso horren adibide garbia da La Beca de Todas programa, AGTen inguruko ikerketa sustatu eta Afrikako ikertzaileei, eta bereziki emakumeei, gaixotasun horietarako soluzio berritzaileak garatzeko aukera ematea xede duena.

 

Anesvad Fundazioari buruz

Anesvad Fundazioak Artatu Gabeko Gaixotasun Tropikalen aurkako borrokan dihardu 1968an Bilbon eratu zenetik. Kaltetutako herrialdeetako osasun-sistema publikoak indartzea, gizarte zibilarekiko eta kaltetutako komunitateekiko baterako lana eta arazoari buruzko sentsibilizazioa dira Anesvad Fundazioaren jardueraren ardatz.

Era berean, Anesvad Fundazioak ikerketa-proiektuak babesten ditu Afrikako zein nazioarteko ikerketa-zentro eta unibertsitate nagusien lankidetzaz. Ekimen hauek AGTak gainditzeko diagnostiko-tresna berriak, terapia berritzaileak eta estrategia eraginkorrak garatzea dute helburu, gaixotasun horiek ezabatzeko bidean aurrera egiteko behar den ezagutza zientifikoa indartzeaz gain.

Local

UPV-EHU (Gipuzkoako Campusa) – (Donostiako Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean)
IM Barriola Zentroa. Elhuyar Plaza, 1 (Errektoreordetza)
Donostia / San Sebastián, Gipuzkoa 069 España