
Medicusmundi Gipuzkoak honako hau jakinarazten du:
Fundamentalismoei buruzko 8. Topaketa hauek hausnarketa kolektiborako gune gisa aurkezten dira, egungo testuinguru soziopolitikoa eta honek feminismoarekin, antiarrazismoarekin eta giza-eskubideen aldeko borrokarekin dituen elkarguneak aztertzeko. Fundamentalismoek gizarte-arau gisa pentsaera bakar eta aldaezin bat defendatzen dute, eta adierazpen kultural, erlijioso, ekonomiko zein politiko anitzetan ulertzen ditugu. Horiek guztiek ondorio ezin kaltegarriagoak eragiten dizkio gizateriari oro har, eta berezi sexu- eta ugalketa-eskubideen bermeari.
Nazioarteko zigorgabetasunak eta erakunde demokratikoen ahultzeak markatutako testuinguru global batean bizi gara, non gerrak legitimatzen diren, genozidioak isilarazten diren eta segurtasunaren diskurtsoa eskubideak murrizteko eta desberdintasunak areagotzeko koartada gisa inposatzen den.
Ikuspegi feminista, antiarrazista eta justizia globalekoa oinarri hartuta, botere-logika horiek beldurraren politiketan, militarizazio-prozesuetan eta gizarte-mugimenduen kriminalizazioan nola artikulatzen diren aztertzea proposatzen dugu. Nazioartekoa eta tokikoa zeharkatzen dituzten dinamikak, desberdintasunak sakontzen dituztenak eta pertsona, kolektibo zein lurralde ahulenen eskubideak sistematikoki urratzen dituztenak.
Topaketa hauetan bizitzari eusten dioten erresistentziak ikusarazi eta balioetsi nahi ditugu: gizarte-mugimenduak, esperientzia komunitarioak eta alternatiba kolektiboak eraikiz antolatzen diren praktika feministak. Izan ere, zigorgabetasunaren eta autoritarismoaren aurrean, topaketaren, baikortasunaren eta antolaketa kolektiboaren alde egitea ez da inozoa, guztiz politikoa baizik.
Jendeari fundamentalismoen aurkako borrokara munduko hainbat eskualdetan aurrera eramaten ari diren estrategia feminista ezberdinen bitartez hurbiltzeko asmoz, Topaketa hauek Donostiara nazioarteko espezialista eta aktibista ospetsuak ekartzeko ahalegina egiten dute. Aurten, izen ezaguneko partaideak egongo dira, hala nola, kazetaria eta komunikatzaile politikoa den Laura Arroyo, “El Tablero” tertulia politikoko zuzendaria eta gidaria, eta RTVEko kolaboratzailea; politologoa, ikertzailea eta analista den Irene Zugasti Hervás, CTXT, El Salto eta Público hedabideetan kolaboratzailea, eta “Esto no es una guerra: Feminismo insumiso frente al rearme y al genocidio” liburuaren egilekidea; Salma Amazian, arrazakeria instituzionala, sekuritizazioa eta arrazismoaren eraikuntza koloniala bezalako gaien inguruko idazlea eta ikertzailea; Begoña Zabala, abokatua eta ekintzaile feminista; Paula Guerra, gizarte-komunikatzailea eta AlgoRace taldeko kidea, arrazakeriaren aurka egindako lanagatik eta adimen artifizialak diskriminazioan duen eraginaren inguruan egindako lanagatik ezaguna; Priya Das, CREA Indiako erakunde feministako kidea, IAren aroan misoginiaz eta diskriminazio algoritmikoaz jarduteko; Brigitte Vasallo, idazlea eta saio-idazle feminista, Pinkwashing, purplewashing eta homonazionalismoaz hitz egiteko; beste batzuen artean.
Justizia ere erresistentzian eraikitzen delako!
*Ingelesa-gaztelania-ingelesa aldi bereko itzulpena egongo da.
*Bertaratze-ziurtagiriak egingo dira.
*EHUko ikasleentzat kreditu aukera:
Informazio gehiagorako: 688783490 / educ.gipuzkoa@medicusmundi.es