
Bost emanaldi izango dira Altza, Loiola, Gros, Ibaeta eta Amarako elizetan. Indonesia, Ukraina, Letonia, Alemania eta Suediako koruak izango ditugu Donostian. Kontzertu guztiak debaldekoak izango dira.
Donostia Kulturak, Tolosako Ekinbide Etxearekin elkarlanean, 2025eko Abesbatzen Astea antolatu du beste urte batez, Tolosako Abesbatzen Lehiaketa jokatzen den bitartean.
Parte hartuko duten talde koralen aniztasuna eta aberastasuna dira Abesbatzen Aste honen ezaugarriak. Aurten bost talde bokalek parte hartuko dute kontzertuetan eta euren programetan musika erlijiosoa zein herri-musika eskainiko dute.
Auzoetan dauden elizetan izango dira kontzertu hauek, auzo horietan kokatzen diren kultur etxeetatik kanpo. Horrela, gune zabalago hauetan musika koral zale gehiago elkartzeko eta eskaintza bera ere hedatzeko aukera ezin hobea izango da.