Antolakuntzak adierazten du:
Bidaia bat denboran, Abraham Cupeirorekin
Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Agus Barandiaran eta Oiasso Kamerata lagun dituela, Azpeitian izango da musikari galiziarra, ‘Ahaztutako soinuak’ emanaldiarekin. Abenduaren 14an izango da, Soreasu antzokian. Sarrerak dagoeneko salgai daude.
Ahaztutako soinuak, neurri batean, denboran zeharreko bidaia bat da; jatorrizko iturrien bilaketa bat, gaur egungoarekin bat egiteko eta diskurtso berri eta harrigarri bat sortzeko. Hala, garai batekoak diren instrumentuak orkestra moderno batekin nahastuko dituzte, sortuak izan ziren testuingurutik aldenduz.
Musika tresnen egilea da Abraham Cupeiro eta hainbat haize instrumentu jotzen ditu. Denboran galdutako instrumentuak berreskuratzen ditu, eta baita haiekin soinu berriak sortu eta beste zenbait musika motarekin uztartu ere.
Tronpeta ikasi zuen Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, eta gero Antzinako Musikaren Interpretazio Masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Bere formakuntza musika klasikoari lotutakoa bada ere, musika mota guztiek erakarri izan dute beti: hala, txikitatik, folk, jazz, antzinako musika eta beste hainbat motatako taldeetan aritu izan da. Horrez gain, berrehun instrumentutik gorako bilduma osatu du, eta hiru disko ere grabatu ditu.
Azpeitiko kontzertuan, luxuzko kolaboratzaileak izango ditu: Oreka TX, Agus Barandiaran (Korrontzi) eta Eñaut Elorrieta. Hala, Cupeiroren doinu hunkigarrek eta espreski sortutako euskal doinuen moldaketek kontzertu berezi bat bermatzen dute. Are gehiago kontuan izanda Oiasso Kamerata arduratuko dela soinu berri bezain zahar horiei euskarri melodiko eta erritmiko bat emateaz.