Abeslari, gitarrista eta konpositore donostiarra. 2013an bakarlari gisa jotzen hasi zen, hainbat estilo ezberdin landuz: indie-pop eta folk alternatiboaz gain, jazzetik eta rocketik hurbilago zeuden artista ezberdinen bertsioak. Gitarra klasikoko Gradu Profesionala ikasi zuen Donostiako Kontserbatorioan eta jazz kantuko Goi Mailako Gradua Musikenen (Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegia). Deborah Carter eta Viktorija Pilatovic bezalako nazioarteko abeslari ospetsuen ikasle izan da, eta hainbat jazz musikariren masterclass-ak ere jaso ditu, adibidez Dick Oatts, James Francis, Perico Sambeat, Bernard Van Rossum eta Carlos Martín, besteak beste. Euskal Herriko eta inguruko areto eta jaialdietan aritu da: Gazteizko Jazzaldia, Gipuzkoako Ahotsak, Desenchufados (Logroño), Stop War, Fnac-eko Musikaren Eguna, Musikagela Fest…
2018an lau abestiz osatutako Lluvia de marzo en Venecia izeneko lehen EPa argitaratu zuen, bakarkako proiektua, gitarra eta ahotsarekin soilik. 2021ean talde formatu berri batekin estreinatu zen (gitarra elektrikoa, teklatua, baxua eta bateria). «I used to» abesti berriarekin eta aurretik egindako musikari ikuspegi berri bat emanez, jazzaren eragina nabaritzen da, baita kolore eta soinu elektriko gehiago ere. Hilabete batzuk geroago, formatu berean «Casi nada» argitaratu zen, abestiaren mezuarekin bat datorren bideoklip batekin. 2024ean Hamaika gau estreinatu zuen, bere bigarren lana eta lehen album luzea, non aipatutako estiloak eta soula, neosoul-a, bossa nova… soinu elektroniko eta modernoagoekin konbinatuta islatzen diren. Gaur egun, kontzertuak ematen jarraitzen du lan berri hau aurkezteko, bai formatu akustikoan, bai talde berriarekin.
Nuria Culla: ahots nagusia & gitarra
Imanol Iribarren: teklatuak
Pablo García: baxua
Edi Saborit: bateria