
Algara Dantza Taldeak 25 urte betetzen ditu, eta hori ospatzeko Eta oraindik badugu zer dantzatu ikuskizuna aurkeztuko du otsailaren 21ean Mendizorrotza Kiroldegian.
Musikaz eta dantzaz beteriko jaia izango da, eta Algarako kide guztiek hartuko dute parte, 150 lagun inguruk, tartean musikariak eta dantzariak. Halaber, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Xabi Aburruzaga trikitilari eta konpositorea, eta Joselu Anayaken laguntza izango dute.
Euskal dantzak eta dantza garaikidea trikitixa, txistu, gaita edo albokaren doinuekin bateratzen dituen Algararen estilo berezia islatuko du hitzorduak, baina Euskal Herria ere zeharkatuko du, Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako dantza, musika eta janzkera tradizionalak erakutsiz. «Proiektu hau oso polita izan da, baina oso neketsua ere bai. Azkenean, egunero ari gara gauzak egiten, kriston proiektua da eta jende pila bat parte hartuko du. Ez dut esango Gasteiz egon den proiekturik handiena denik, baina bai hunkigarriena«, adierazi du Iñigo Manuelek, Algara Dantza Taldearen presidenteak.
Hitzordu horretarako 250 gonbidapen banatuko dira Udalaren Antzoki Sareko leihatilan (Turismo Bulegoa, Plaza Berria, 1). Otsailaren 12ko arratsaldetik aurrera egongo dira eskuragarri 16:00etatik 18:00etara, asteartetik ostiralera, eta larunbatetan 11:30etik 13:30era.
Ekitaldi honek Vital Fundazioaren, Laboral Kutxaren eta EITBren babesa ere badu.
25 urte euskal tradizioaren defendatzaile gisa
Algara Dantza Taldea 2000. urteko apirilaren 13an jaio zen Gasteizen, mundu osoan musika, kultura eta euskal dantzak erakutsi nahi zituzten 15 lagunek bultzatuta.
Gaur egun, taldearen estiloaren ezaugarri nagusia koreografia garaikideak eta euskal dantzak eta instrumentu tradizionalak uztartzen dituela da. Era berean, bertatik ehunka pertsona igaro dira urteetan zehar eta gaur egun 120 dantzari eta 10 musikari inguruk osatzen dute. Taldea Gasteizen kokatuta dagoen arren, Euskal Herri osoan zehar dantzatzen dute eta Hungariara, Turkiara eta Ingalaterrara ere iritsi dira.
2025ean, mende laurdena bete zuten eta ospatzeko hainbat ekimen bultzatu dituzte: hainbat ikuskizun, egutegi bat, bideo bat, dantzari txikienentzako euskal jaiak, ‘Algara munduan’ (okasio horretarako sortutako oroimenezko jantziak -elastikoa, kirol-jertsea eta elastiko teknikoa- mundu osoan zehar soinean eramatea du oinarri).
Otsail honetan, ospakizunez betetako urteari amaiera emango diote etorkizunari begiratuz; izan ere, amaierako ekitaldi horretarako aukeratu duten izenburuak dioen moduan, «oraindik badugu zer dantzatu».