Anita Maravillas txotxongilo antzerki konpainia 20. urteurrena ospatzen ari da 2025ean, 2005ean sortu baitzen. Miren Larreak eta Valentina Raposok sortutako konpainiak kalitate estetiko eta narratibo handiko ikuskizunekin txotxongiloen mundua arakatzen jardun du bi hamarkada hauetan, eta Zornotza Aretoarentzat ohore handia izan da haiekin batera bide hori egitea. Hori dela eta, Zornotza Aretoak bere azken lanak programatuko ditu Gabonetan.
Anita Maravillasen zazpigarren lana da Andereño. Haurrentzako eta familientzako txotxongilo-ikuskizuna da, irakasle baten eta bere eskola txikiaren istorioa kontatzen duena, maitasunetik eta elkarren zaintzatik eraikitako eskolarena, alegia.
Istorio honen bidez, maistra ausart haien hitzek bidaiatu egiten dute, eta belarrira xuxurlatzen digute aske izateko lehen baldintza saiatzea dela.
Anita Maravillasen txotxongiloek estetika zaindua dute ezaugarri. Hori ezinbestekoa da konpainiarentzat; izan ere, edertasunaren gaia funtsezko adierazpide gisa ulertzen du, mugimendua zainduz, bere bizitza-ilusio delikatua lortzeko.