Arabako Antzinako Musikaren Astea, Estatu mailako jaialdi sendo eta berezienetakoa, irailean itzuliko da, antzinako musika hurbileko esperientzia ireki eta parte-hartzaile bihurtzeko bereziki diseinatutako edizio batekin. Arabako Foru Aldundiko Kultura departamentuak antolatzen du jaialdia, eta irailaren 12tik 21era ospatuko da, kalitate artistikoarekin, lurralde-deszentralizazioarekin eta herritarrekiko konexioarekin duen konpromisoari eutsiz.
Sustraiak lurralde osoan dituen jaialdia
Edizio honetako apustu nagusietako izango da kontzertuen sarea Arabako hainbat kuadrillatara hedatzea, jaialdia benetan probintziala izango den egitasmo gisa finkatzeko helburuz. Besteak beste, Ataurik, Andetxak eta Quintanilla de la Ribera Baja herriek antzinako errepertorioa ondare- eta natura-ingurunearekin uztartuko dituzten musika-ikuskizunak hartuko dituzte.
Ataurin, ‘Entrebescant’ eskainiko du jaialdiak, musika-ibilaldi bat; Mina Lucia ezagutzeko bisita gidatu bat egingo da, baita ibilaldi ederra ere natura- eta historia-balio handiko leku horretan barrena.
Antzinako musika bizi izateko modu berritzaileak
Edizio honek moldeak hausten ditu, formatu berritzaileak txertatuz; besteak beste, zuzenean grabatuko da ‘El Vomitorio’ podcasta, Mario Marzo piano-jotzaile eta aktoreak (entretenimenduko podcast onenaren 2024ko Ondas Saria) eta Nacho Castellanos kontratenoreak zuzenduta. Proposamen horrek musika, umorea eta dibulgazioa batzen ditu, antzinakoa eta garaikidea konektatzen dituen ekitaldi berezi batean, begirada fresko eta lotsagabe batekin.
Gainera, dantza-tailerreko ikasleek modu aktiboan parte hartuko dute inaugurazioko ikuskizunean, Probintziaren plazan (ostiralean, irailaren 12an), Eva Narejosek zuzentzen duen dantza barrokoko proposamen parte-hartzaileari esker, Armonia Danza konpainiarekin eta Ministriles de Reyna sozietatearekin batera.
Inklusioa eta talentu gaztea sustatzen dituen programazioa
Begirada inklusibo batekin, hainbat kolektiborekiko loturak estutzen ditu jaialdiak, Apdema elkartearekiko loturak, esaterako; elkarte horrekin, kolaborazio oso berezi bat bultzatu da, kulturari espazio komun gisa duen balioa emateko.
Musikari gazteen aldeko apustua ere indartu da, Jesus Guridi Kontserbatorioarekin egindako hainbat kolaborazioren bitartez; kontserbatorioko ikasleek jaialdiko hainbat ekitalditan hartuko dute parte, eta Santa Maria Katedraleko eszenatokian izango dira kontzertu berezi batean, kolaborazioko lan-ildo bat sendotuz; bertan, talentudun gure musikari gazteei programazio eta eszenatoki profesional berrietan parte hartzeko aukera ematen zaie.
Ahots sagaratuak eta nazioarteko talentu berriak
Musika-programazioak nazioarteko izen nabarmenenetako batzuk ekarriko ditu, hala nola Forma Antiqva, Zapico anaiak, Jone Martínez eta Il Fervore, Cantoría eta Tamar Lalok eta Ignacio Pregok osatutako duoa, lehiaketa prestigiotsuetan saritutako bikotea, bere bikaintasunagatik eta interpretazioko orijinaltasunagatik ezaguna.
Igandean, irailak 14, Cantoria taldearen kontzertuarekin bat egiteko aukera izango du publikoak, Jorge Losanak emango duen abesbatza-tailerrean parte hartu ondoren; horrela, edizio honetan ere, proposamen parte-hartzaile bat egingo da, izen handiko artistak eta herritarrak batuko dituena.
Hamar egunez, musika, ondarea eta esperientzia partekatuak
Hamar egunez, espazio enblematikoetan egingo diren kontzertuak –hala nola Santa Maria katedralean, Jesus Guridi kontserbatorioan eta Ignacio Aldecoa Kultura Etxean- eta Arabako hainbat herri ezagutzeko bisitak konbinatuko ditu Arabako Antzinako Musikaren 43. Asteak, Errenazimendutik Barrokora arteko garaiak hartuko dituzten tailerrekin, txangoekin eta proposamen didaktikoekin, familia-formatuekin eta ekintza pedagogikoekin.
Ildo horretan, Kixoteren abenturek haurrez beteko dute Ignacio Aldecoa Kultura Etxea, euskarazko ipuin-kontaketa batekin; ondoren, familia-kontzertu interesgarria izango da, musika-tresna historikoekin, Mantxako pertsonaia horren ingurukoa.
Edizio honek jaialdiaren esentziari eusten dio: antzinako musika ahalik eta jende gehienarengana eramatea, emozionalki orainarekin lotuta dauden kalitatezko proposamen zorrotz eta irisgarriekin.