Arcoíris 82 erakusketa Irati Gorostidi Agirretxe artista eta zinemagilearen Aro berria (2025) fikziozko lehen film luzearen filmazioko material argitaragabetik abiatzen da. Filmak ikerketa eta sorkuntza prozesu bat ixten du, 1980ko hamarkadan Ultzamako bailaran (Nafarroa) finkatutako Arco Iris komunitatearen ingurukoa.
Gorostidik planteatutako eszenaratzeetan parte hartu zuten pertsonen gorputz eta testigantzetan jartzen du arreta proposamenak. Eszenaratze horiek filmak oinarri duen komunitatean, bere garaian, garatutako dinamika katartikoak birsortzen dituzte. Erakusketa pantaila anitzeko bi bideo-instalaziok osatzen dute: Marathon eta Samsara, txandaka proiektatuak. Samsarak filmazioan zehar ateratako argazki batzuk ere jasotzen ditu. Halaber, Arco Iris komunitatearen artxiboko materiala jasotzen du erakusketak.
Filmazio-prozesu ezberdinen bidez —iraganeko garai bat birsortzeko edo berrikusteko halako ideia bati jarraituta— zuzendariak eta filmak berak une historiko jakin bat irudikatzeko moduak bilatu ahala, prozesu horietako batzuk benetako esperientzia bihurtu ziren haietan parte hartu zutenentzat. Bideo-instalazioan jasotako elkarrizketetan, beren bizipenak pertsonaietatik abiatuta kontatzen badituzte ere, barrutik bizitakoarekin zerikusia duten emozioak azaleratzen dituzte.
Arcoíris 82 erakusketak eszenaratzea gainditzen duen dimentsio bat erakusten du. Izan ere, kontakizunaren, narrazioaren eta fikzioaren asmotik harago doa, esperientzia ardaztzat hartu eta modu murgiltzaile batean erakusteko helburuz. Hitzaren hauskortasunaren eta mugitzen diren gorputzen egiaren artean sortzen den tentsioaren bidez, bideo-instalazio hau osatzen duen materialak Arco Iris komunitatean bizitako esperientziak dokumentatzen ditu.
Proiektu hau arte garaikidearen eta zinemaren arteko intersekzioa esploratzen duen Tabakaleraren erakusketa-ildoaren barruan kokatzen da. Aro berria (2025) Ikusmira Berriak egonaldi-programaren baitan hasi zen garatzen, eta 2025eko Donostia Zinemaldiko New Directors sailean izango du estreinaldia.