
Bilboko Berreginen Museoak, ikasturteari jarraipena emateko, Artelana bere testuinguruan zikloaren barruan beste hitzaldi bat eskainiko du. Ekimena museoak egiten dituen jardueren artean ezagunena eta luzeenetarikoa da.
Otsailaren 25eko hitzaldia Carolina Valenzuelaren eskutik izango da. Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko irakaslea da, talentua erakartzeko kontratu bati esker, eta Txileko zenbait unibertsitatetan garatu du bere ibilbide gehiena ikerlari gisa. Museoetan Antzinaroa eta historia jasotzeko moduan espezializatu da.
Zenbaitetan gutxi ezagutzen den errealitate bat azalduko digu: independentzia lortu berri zuten Latinoamerikako errepubliketako eliteek nola erabili zuten Antzinaroa haien proiektu kultural eta politikoetan. Ereduzko kasu batean oinarrituko da, Txileko Historia Naturaleko Museo Nazionalean, alegia. Zergatik gogoratzen dituzte antzinako greziarrak eta erromatarrak haiek bizi izan ez ziren lurraldeetan? Zeintzuk dira Atlantikoaz bestaldeko proiektu kultural eta politikoetan haiek txertatzearen asmoak eta funtzioak?
Sarrera doakoa da, eta parte hartzeko nahitaezkoa izango da aldez aurretik sarrera bat eskuratzea Berreginen Museoko webgunearen bidez: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus.
Bizkaiko erakunde honek bere jarduera urtetsuenaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Izan ere, hamasei urte baino gehiago daramatza hilean behin erakundearen bilduma eta erakusketak gertutik aztertzen, eta dagoeneko hiriko kultura-erreferenteetako bat bilakatu da.
Berreginen Museoak 2006ko azaroan ireki zituen ateak berriro, Mariaren Bihotza eliza zaharraren egoitzan, eta Bizkaiko hiriburuko zaharrenetarikoa da. Duela laurogei urte sortua, genero bereko museoen artean onenetarikoa da, ikusgai jarritako erreprodukzioen hautaketagatik eta kalitateagatik.