Cargando Eventos

« Todos los Eventos

«Artelekun zehar. 1987-2002», artxiboan oinarritutako Artelekuri buruzko erakusketa bat

julio 4, 2025 - enero 11, 2026

Artelekun zehar. 1987-2002 izango da Artium Museoak Euskal Herriko jardun artistikoen eta pedagogiaren arteko harremanei eskaini dizkien erakusketen hirugarren eta azken kapitulua. Arteleku prestakuntza- eta ekoizpen-zentroaren aurreneko hamabost urteetan zentratzen da, eta jarraipena ematen dio Pentsatzeko leku bat (2022) izenekoak –1957 eta 1979 bitarteko hezkuntza-ekimen esperimentalak landu zituena– eta edonor, denok inor ez (2024) deitutakoak –1978 eta 1991 artean prestakuntza artistikoa instituzionalizatzeko izandako prozesuei buruzkoak– hasitako ikerkuntzari.

Arteleku Arte eta Kultura Garaikideko Zentroak 1987an ireki zituen ateak Donostiako Loiola auzoan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. Santiago Erasoren zuzendaritzapean, arte garaikidearen beharrak betetzea izan zuen helburu nagusia, eta orientazio bat eta egiteko modu batzuk zehaztu zituen berehala, esperimentazio eta ekoizpen artistikotik abiatuta eta pedagogia eta ezagutzen transmisioa ardatz nagusitzat hartuta. Artelekuk jarduera ugari antolatu zituen, batez ere tailer, mintegi eta erakusketetan, eta, 1990eko hamarkadan eta 2000ko lehen urteetan, erreferentzia bat izan zen sorkuntza artistikoaren eremuan.

Hasieran, zentroaren egiturak lehentasuna ematen zion diziplinen arteko ekoizpen artistikoari, tekniken eta euskarrien logikari jarraituz. Alabaina, urte horietan, bilakaera izan zuen, ekoizpen-sistema tradizionalak eta ezarritako lan-moldeak gainditzen zituzten jokamoldeetarantz. Sorkuntza garaikidean zeuden azken joerak eta eztabaidak ekarri zituzten nazioarteko artistak eta ahotsak hartu zituen, eta gorputzaren diskurtsoen garapenaren eta artearen desmaterializazio progresiboaren lekukoa izan zen.

Erakusketa honen ardatz nagusia Artelekuren artxiboa da, Gordailua-Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan gordeta dagoena. Erakusketa osatzeko, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren eta Gordailuaren beraren funtsen aukeraketa bat egin da. Bestalde, dokumentu-multzo garrantzitsua du, besteak beste, Isabel Azkarate eta Ricardo Iriarte artxiboak.

Mikel Onandia, Sergio Rubira eta Leire Vergara izan dira erakuske-taren komisarioak.

Local

Artium Museoa, Oteiza Museoa eta Tabakalera
Vitoria-Gasteiz, Álava 059 España