Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Atlantikaldia 2025: egitaraua

septiembre 18 - septiembre 21

Jaialdiaren muinari omenaldi eginez, kolore eta ikuspegi desberdinen batura da Atlantikaldiaren aurtengo kartela. Errenteriako Musika Jaialdi eta Kultur Topaketaren edizio berriaren datak eta gai nagusia gogora ekarri dituzte berarekin.
‘Zeharkaldiak’ lelopean, Errenteria kultur anitzeko plaza bihurtuko da irailaren 18tik 21era. Programazioko kultur- eta musika-ekintzak bidaia baten modukoak izango dira: anitzak eta bereziak. Jaialdiak kulturen arteko elkarrizketa eta sorkuntza artistikoa sustatzen ditu, norberaren identitatea gordez, elkarren arteko zubiak eraikiz. Material grafikoak dira horren beste adibide bat.

Atlantikaldiaren aurtengo kartela lau eskutara sortu da, Italia eta Baxe Nafarroa arteko elkarlanaren emaitza gisa. Dom Campistron, Baxe Nafarroakoa, eta Pierpaolo Lampitelli, jatorriz italiarra eta gaur egun Donostian bizi dena, arduratu dira kartelaren sorkuntzaz. Bi sortzaileek beren begirada eta estilo artistiko desberdinak uztartu dituzte: Domek kartelaren ilustrazioak eta konposizioa landu ditu, eta Pierpaolok, berriz, lettering-a. Lampitelli
diseinatzaile grafiko eta ilustratzailea da; serigrafia, marrazketa eta irudi grafikoaren inguruan garatzen du bere jarduna. Bere inspirazio nagusiak ilustrazioa, bideojokoak, komikia eta 80ko hamarkadako dark fantasy zinemagintza dira, eta bere lanetan kolore biziek eta konposizio irudimentsuek dute protagonismoa.

Bestalde, Dom Campistron marrazkilari kuir feminista da, 2021ean Bekatorosak liburua argitaratu zuena. Ordutik, Argia, Berria eta Iparraldeko Hitza bezalako hedabideekin aritu da elkarlanean, kartelak eta ilustrazioak sortzen, eta haurrei zuzendutako tailerrak dinamizatzen. Era berean, 2022an, Altxalili Kabareta kolektiboa sortu zuen, Euskal Herrian drag performancea bultzatzeko.
Gainera, Domek egindako muralak ere oso ezagunak dira, eta bere ibilbide artistikoan presentzia nabarmena dute.

Bi sortzaileek, beren ikuspegi eta estilo propioak uztartuz, Atlantikaldia irudikatzeko behar ziren elementu guztiak irudi bakarrean biltzea lortu dute: aniztasuna, mugimendua eta topaketa. “Elementu guztiak hari ikusezin baten bidez elkartzen dira, zeharkaldien ideia adierazteko. Musikaren, hizkuntzaren eta gorputzaren bitartez sortzen diren loturak irudikatu nahi izan ditugu” azaldu du Campistronek. Atlantikaldia jaialdiaren ekimen nabarmenetako bat ‘Itsas Elkarrizketak’ da, hainbat kulturatako sortzaileen arteko elkarlan artistikoetan oinarritutakoa. Ildo beretik, urtero munduko toki ezberdinetako bi artisten artean sortzen dute jaialdiaren irudia izango dena.

Kultura bizi baten isla
Atlantikaldia ez da jaialdi bat soilik. Kultura bizi baten erakusleihoa da, herritarrek parte hartzen duten sormen kolektiboa, eta munduko istorio desberdinak Errenteriako kaleetan gurutzatzen diren gune bat. Urtero, kolaborazio artistiko eta komunitarioek jaialdiari forma ematen diote, eta irudi ofiziala hori guztia sintetizatzen saiatzen da. Zeharkaldi bakoitzak bere norabidea eta erritmoa izan dezake, baina Atlantikaldiaren esparruan topagune
bihurtzen dira, elkarrizketa posible eginez. Kartelaren bidez adierazi nahi izan da aniztasunak ez duela banaketa suposatzen, elkarren ondoan bizitzeko bide berriak irekitzen dituela baizik.

Sorkuntza-prozesuan zehar, bien estiloak fusionatuz joan dira: marrazketa-estilo eta kolore-paleta desberdinak uztartuz, nahi zuten azken emaitza lortu arte.

Konposizio dinamiko eta anitza lortu dute, Atlantikaldiak biltzen dituen istorio eta esperientzia desberdinak ikuspegi berezi batetik irudikatzeko. “Hasieran, kartelaren egitura nola antolatu aztertzen hasi ginen, eta Euskal Herriarekin eta
munduko beste hainbat lekurekin lotutako elementuak sartzea erabaki genuen, Atlantikaldia jaialdi anitza baita,” azaldu du Campistronek.

Beste artista batekin elkarlanean aritu diren lehen aldia izan arren, “oso naturala eta arina izan da. Prozesua pixkanaka joan da, eta bien artean osatu dugu kartela, elementuak landu eta hobetu arte,” azpimarratu du Lampitellik.

Artisten biografiak
Pierpaolo Lampitelli (@pierpaololampitelli)
Diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea da, jatorriz italiarra, baina Donostian bizi da gaur egun. Urteak daramatza ehungintza sektorean lanean, eta, aldi berean, serigrafia, marrazketa eta irudi grafikoaren inguruko proiektu pertsonalak garatzen ditu. Bere erreferenteak ilustrazioa, bideojokoak, komikia eta 80ko hamarkadako dark fantasy filmak dira. Kolorearen erabilera ausarta eta irudimen handiko konposizioak dira bere lanaren ezaugarri nagusiak.

Dom Campistron (@domcampistron)
Baxe Nafarroakoa da eta bere burua “marrazkilari kuir feminista” gisa aurkezten du.
2021ean Bekatorosak liburua argitaratu zuen Elkarrekin, eta ordutik ilustrazio lanetan aritu da hedabideentzat (Argia, Berria, Iparraldeko Hitza). Kartel ugari sortu ditu, eta haur tailerretan animatzaile gisa ere aritzen da. 2022an sortu zuen Altxalili kabareta, lagun batzuekin batera, drag performance-a Euskal Herrian sustatzeko helburuarekin.

Local

Kalaka Batzokia
Orozko, Bizkaia 075 España