
“Atrapar el instante” iraupen luzeko pieza gisa sortu zen, eta 2010ean ikusi ahal izan zen lehen aldiz 7 orduko formatuan. Harrezkero, 9 orduko aurkezpenak izan ditu, Bartzelonako Mercat de les Flors azokan estreinatu da eta iraupen laburreko bertsioetan ere oholtzaratu da, ingurunearen eta unearen arabera. Luzea izateko sortua bada ere, oraingoan 50 minutuko emanaldi gisa aurkeztuko da, zeinean Andrés Corchero Rita alabarekin batera arituko den; izan ere, alabak abestuko du, eta soinu-espazioaz arduratuko da.
Lanaren inspirazio-iturriak bai “Ahora veo” liburua (Thich Nhat Hanh idazle eta zen-maisuaren “En el ahora” liburuaren bigarren zatia), bai Vietnamgo literaturako poema epiko ospetsuentzat hartzen den “La historia de Kieu”ren (Nguyen Du) denboraren joanari buruzko hainbat bertso ere. “Al llegar al ahora, veo el aquí” izango zen haren leitmotiva. Corcherok berak honela definitu du: “espazio batean aldi baterako egotea, dantzatzea eta habitatzea, existitzen eta gertatzen den guztia ikusleekin partekatzen, besterik ez, inor ez badago ere. Denbora bera da, elkarri entzutea eta gure intimitatea. Bizi izango duguna oraingo unea izango da eta paregabea izango da”. Eta, amaitzeko, ikusleak animatzen ditu (bertsio luzeetan, ikusleak nahi dutenean irten eta sar daitezke): “Zaudenean, harrapatu unea, jo oraina”.
“Orain bakarrik dakusat aurrean dudana,
nahiz eta, zinez, nire bihotzak hasieratik ikusi zituen datozen egunak.
Hemenak espazioa irudikatzen du, eta orainak, denbora.
Oraina hemenarekin topatzen da.
Posible al da hemen eta orain bereiztea?”
Thich Nhat Hanh
Koreografia eta dantza: Andrés Corchero
Soinu-espazioa eta ahotsa: Rita Corchero
Kudeaketa: Andreu Banús/ Binomi Projectes Culturals
Argazkiak: Pep Daudé
Marrazkiak: Gabriel Schmitz
Iraupena: 50 minutu
KONPAINIA: Andrés Corchero dantzari, koreografo eta irakasle ezaguna da, lau hamarkadatako jardunbide artistikoa du eta zubiak eraikitzen ditu gorputzaren eta mugimenduaren ekialdeko eta mendebaldeko filosofien artean. Puertollanon (Ciudad Real) jaio zen, eta 1963tik Katalunian bizi da. Nazioartean ezaguna da dantzari buruz duen ikuspegi oso poetiko eta diziplinartekoagatik.
Antzerkian eta zirkuan hasi zen (mimo eta clown garaikideak ikasi zituen) eta, 1985ean, butoh dantza deskubritu zuen. Aurkikuntza horrek Tokiora eraman zuen, Min Tanaka eta Kazuo Ohno maisuekin ikastera. Hamarkada batez, Mai-Juku Tanakako konpainia ospetsuko kide izan zen, eta horrekin, Japonian, Europan eta AEBetan birak egin zituen. Tanaka konpainiak sortutako teknika, ‘body weather ‘delakoa, ikasi zuen, eta horren arabera jarraitzen du Corcherok nazioartean tailerrak ematen gaur egun ere. Espainiara itzuli zenean, 90eko hamarkadan, dantza- eta koreografia-jardunbide oparoa hasi zuen; izan ere, Feliu Formosa poetarekin luze aritu zen lankidetzan (“Elegía”, 1993; “El bufó sota la tempesta”, 2003; “Inmediacions”, 2008; besteak beste) eta itzal handiko Raravis konpainian zuzendarikide izan zen, Rosa Muñozekin batera (“Efebo o así que pasen los años”, 1994; “Mist”, 2000; “De San Vito”, 2006; besteak beste).
40 urtetik gorako jardunbidearen ostean, Andrés Corcheroren lanak bilakaera izaten jarraitzen du dantza, antzerki, poesia, isiltasun eta mugimenduaren arteko elkargunean. Ahots berezia da egungo dantza garaikidean, baita gorputzaren egia sakonenen bilatzaile nekaezina ere.