Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Azkena Rock Festival 2026

junio 18, 2026 - junio 20, 2026

Azkena Rock Festivalek gaur emango ditu jakitera 2026ko ekainaren 18, 19 eta 20an Gasteizen egingo den hurrengo edizioko kartelaren lehen protagonistak. Baieztapenen lehen txanda honen buruan ditugu Alice Cooper legenda erregaitza, zeinak Mendizabala izugarrikeriaren benetako antzoki rockero bihurtuko baitu eta Social Distortion, Kaliforniako punk rockaren aitzindariak, zeinak 2021ean jaialdira azken bisita egin eta bost urtera hirira itzuliko baitira, biak ala biak hitzordu
esklusiboarekin Estatu osoan. Mendizabala rockaren hiriburu bihurtuko duten artisten lehen aurrerapenari honako hauek batu zaizkie: Imelda May, Jason Isbell & the 400 Unit, Old Crow Medicine Show, Sleaford Mods, SUGAR, The Adicts, Evaristo, Circle Jerks, Corrosion of Conformity, Therapy?, The Damn Truth, The Del Fuegos, Discharge, Split Dogs, Starbenders, Tropical Fuck Storm, Voivod, Rodeo eta Nhil.

Orain arte egindako aurrerapena ikusita, 24. edizioaren programazioak berriz ere erakusten digu jaialdiak berezi eta bakar bihurtzen duen horrekin daukan konpromisoa: lehen mailako programazio artistiko bat eta kartel zabal eta heterogeneo bat. Beste behin ere, Gasteizek harrera egingo die rock-and-rollaren munduko izen handiei, eta publikoari hiru eguneko esperientzia bikaina eskainiko die, eklektizismoak, kalitateak eta proposamen klasikoak zein apurtzaileenak besarkatzen dituen aniztasun estilistikoak markatua.

Alice Cooper Mendizabalara itzuliko da 2026an, azken bisitatik hamazazpi urteren ondoren, izugarrikeriak, burlesqueak eta vaudevilleak markatutako antzerki-ikuskizun batekin. Shock rockaren aitabitxi eta 70eko hamarkadatik rockaren funtsezko erreferentzia denak, probokazioz, karismaz eta abesti hilezkorrez betetako emanaldi bat eskainiko du. Uda honetan The Revenge of Alice Cooper argitaratu zuen, bost hamarkada baino gehiago geroago bere jatorrizko taldea biltzen duen diskoa, eta bere errepertorioak lan horretako abestiak bilduko eta betiko klasikoak errepasatuko ditu, Estatuan izango duen hitzordu bakarrean.

Azken bisitatik lau urte igaro direnean, Social Distortion Gasteizera itzuliko da eta punk rock & roll masterclass bat eskainiko du egingo duen geldialdi esklusiboan. Erroak Kaliforniako punkean ditu duela lau hamarkada baino gehiago sortutako Mike Nessen taldeak, eta hainbat belaunaldiren errespetua irabazi du rock & roll klasikorako, countryrako eta blueserako bilakaerari esker. Eskainiko duten zuzenekoan galerari, adikzioei eta erredentzioari buruzko ereserkiak entzungo dira, beraiek
bakarrik transmititzen dakiten emozioa eta klasea duten abesti bihurtuta.

Jaialdiak une errepikaezinak eskainiko ditu, kontzertu esklusiboekin eta ohikotik kanpo geratzen diren proposamenekin. Hala, Imelda Mayk show paregabea emango du Darrel Highmanekin batera, zeinetan argi ikusiko baitugu zer nolako kimika duten agertoki gainean eta nola egiten duten rock & roll klasikoaren esentziarik garbiena berreskuratzeko, ahotsaren indarra eta dotorezia eszeniko elektrizatzailea lagun. Bestalde, publikoa SUGARen elkartzearen lekuko izango da, penintsulan egingo duten geldialdi bakarrean, taldea desegin eta Copper Blue bezalako diskoekin historia egin zutenetik hogeita hamar urtera. Bestalde, Therapyk, 90eko hamarkadako noise rock berritzailearen funtsezko albuma izan zen Troublegum osoa errepasatuko du. Lan haren bertuteen artean dago punkak, metaleroak, hardkoreak eta soinu distortsionatuenen gainerako maitaleak ados jartzea lortu izana.

Nashvilletik zuzenean, Jason Isbell & The 400 Unit saridunak Mendizabalara iritsiko dira country alternatiboari, hegoaldeko rockari eta errodun folkari buruzko lezio bikain bat ematera, giza harremanen konplexutasuna zintzotasunez jorratzen duten abestiekin, Drive-By Truckers ohiaren eta bere taldearen eskutik, hainbat Grammyren irabazle egin dituen beren ohiko maisutasunarekin. Hiri beretik, eta istorio-kontatzailearen espiritu hori partekatuz, Old Crow Medicine Show ere jaialdian izango dira 25 urteko ibilbidea ospatzeko, disko berriarekin eta Wagon Wheel eta Remedy bezalako klasikoen errepasoarekin. Gainera, Estatuan jotzen duten lehenengo aldia izango da.

Punkak ordezkaritza zabala izango du kartelaren lehen aurrerapen honetan, generoa markatu duten mapako hainbat lekutako taldeei esker. Arabako punkaren erreferente paregabea den Evaristok show osatu bat emango du eta La Polla Records taldearen ereserki handienak eskainiko ditu beste proiektuetako abestiekin batera (Gatillazo eta Tropa do Carallo), energia agortezina eta mezu inkonformista eta borrokalarienarekin duen konpromisoa berretsiz. Erresuma Batutik, Discharge bere sendotasun ezagunarekin iritsiko da. Askorentzat, taldea D-Beat joeraren gurasoa eta metalaren muturreko estiloen (thrash, grind edo black musika) erreferentzia saihestezina da. Britainiar uharteetatik ere, zehazki Nottinghametik, Sleaford Modsek egungo egia deserosoetan jarriko du arreta: langabezia, prekarietatea, kultura kontsumista eta krisi sozialak, post-punk elektroniko deseroso bezain beharrezko bat biltzen duen proposamen batekin. Atlantikoa zeharkatuz, Hermosa Beachetik (Kalifornia), Circle Jerksek lau hamarkadako ibilbidea errepasatuko du Keith Morris buru duela, gai labur, basati eta oraindik indarrean jarraitzen duen satira sozial batez beteta zuzeneko batekin.

Kaliforniatik bertatik, The Adicts taldea Mendizabalan izango da Adios Amigos agur birarekin. Bost hamarkadako lotsagabekeriaren ondoren, punk festa melodiko eta zoragarri bat antolatuko dute, non ez baitira faltako Viva La Revolution! bezalako ereserkiak, guztiok batera oihukatzeko. Australiatik, Tropical Fuck Storm taldeak Fairyland Codex lan berria aurkeztuko du: kaos digitalaren, konspirazio garaikideen eta giza hauskortasunaren azterketa punk esperimental bat.

AEBko heavyaren ikono diren Corrosion of Conformity jaialdira iritsiko dira klasiko handien bertsioz betetako Riffissippi Studio Jam Sessions disko bikoitz berriaren atariko gisa. Momentuz, Fire and Water de Free-ren bertsio bat aurreratu digute. Muturreko soinuen ordezkaritzak osatzeko, Voivodek irmo defendatuko du generoaren kultu-banda gisa duen posizioa eta thrasharen, metal progresiboaren eta zientzia-fikzio distopikoaren beren nahasketa berezia.

Kartela osatzeko egungo rock & rollaren panoramari haize freskoa ematen dioten ibilbide berriagoko taldeak izango ditugu. Nortasun propioa duten proiektuak, jarreraz gainezka egiten dutenak eta Mendizabalan arrastoa uzteko irrikaz daudenak. Split Dogs taldearen riff bizkorrez betetako street punk zuzenetik new wave eta glametik hurbil dauden Starbendersen 70eko eta 80ko rockaren erreferentzietaraino. The Damn Truth kanadarrak benetako rock & roll makina gisa iritsiko dira Lee-La Baum —ahotsa eta gitarra— buru dutela, potentziaz eta presentzia eszenikoaz gainezka. Gipuzkoatik, Nhilek pop, soul eta funk uztartze dotorea zabalduko du, bere hirugarren diskoko (Etxea) kantuak aurkeztuz. Bestalde, Rodeok X bere azken albumeko kantuak joko ditu, euskal stonerraren erreferentziazko bandatzat zergatik hartzen diren erakusteko.

Azkenik, The Del Fuegos lehenengo baieztapenen zerrendari batuko zaio iaz elkartu ostean, Dan eta Warren Zanes anaiak buru dituela. Horietan bigarrena Tom Pettyren biografia ofizialaren egilea da, baita Springsteeni buruzko biopic berria (Springsteen: Deliver Me From Nowhere) inspiratu zuen saiakerarena ere.

Gaur bertan irekiko da Fan itxaron-zerrenda jaialdiko bonuak eskuratzeko, eta urriaren 31ko 12:00ak arte iraungo du. Jaialdiaren aurreko edizioetan izan direnek aurre-salmenta esklusibora sartzeko aukera izango dute bihar (urriak 29, asteazkena) goizetik aurrera. Era berean, fan salmenta azaroaren 3an hasiko da, astelehenean, 10:00etan, eta salmenta orokorra azaroaren 4tik, asteartea, egongo da eskuragarri, ordu berean eta azkenarockfestival.com webgunean, promozio-prezioan. Jaialdiaren 3 egunetarako bonuez gain, 24 urtetik beherakoek Gaztea bonua erosi ahal izango dute (100 €+ gastuak), eta, iaz izandako harrera onaren ondoren, Kuadrilla bonua eskuragarri egongo da berriz ere. Bonu hori ARFren hitzordua urtero egutegian markatzen duten lagun talde guztientzako detaile bat da, eta hala, 5 bonu erosita, 6 eskuratuko dituzte. Aurreko edizioetan bezala, epekako erosketa ere eskuragarri egongo da, bai aurre-salmentan, bai salmenta
orokorrean, eta sarrera doakoa izango da 14 urtetik beherakoentzat.

Jaialdiak antolatutako autobus-bidaiak izango ditu aurten ere, barrutiaren sarreratik gertu dauden geralekuarekin, eta inguruko herrietatik, hala nola Bilbotik, Iruñetik, Donostiatik, Zarauztik, Arrasatetik eta Altsasutik. Edizio honetako irudiaren diseinuak Gasteizko The Zuzenders talde artistikoaren sinadura darama, zeinak jaialdiaren aurreko edizioetan ere parte hartu baitu, postalak, zigiluak eta ikus-entzunezko pieza animatuak sortuz. Marrazki- eta musika-ekintzako komando horrek
omenaldia egin nahi izan dio 2026an Gasteizko ikonografiari, irudiaren erdian bele bat jarriz: hiriko armarrian dago, eta, zalantzarik gabe, rock & rollaren iruditeriari lotutako animaliarik enigmatikoenetako bat da.

Azkena Rock Festival musika-ekitaldi bat baino askoz gehiago da: rockaren alderdi guztiak gurtzen dituen hitzordu berezi bat da, zeinak, urtez urte, esperientzia ahaztezin bat eskaintzen baitu. Publiko leial eta grinatsua, urtetik urtera beti itzultzen da Mendizabalara, Gasteizko bihotzetik pauso gutxi batzuetara dagoen gune eroso eta berdegunez inguratura. Green Capital eta euskal gastronomiaren ikurra den hiriak balio erantsia ematen dio musika, ingurunea eta komunitatea uztartzen dituen jaialdiari. Horren guztiaren atzean Last Tour kultur sustatzaile independentea dago, BCorp enpresaren ziurtagiria duena eta eredu arduratsu eta baliodun baten alde egiten duena.

Azkena Rock Festival
2026ko ekainak 18, 19 eta 20
Mendizabala, Gasteiz

  • ALICE COOPER
  • CIRCLE JERKS
  • CORROSION OF CONFORMITY
  • DISCHARGE
  • EVARISTO
  • IMELDA MAY exclusive rock & roll show feat. Darrel Higham
  • JASON ISBELL & THE 400 UNIT
  • NHIL
  • OLD CROW MEDICINE SHOW
  • RODEO
  • SLEAFORD MODS
  • SOCIAL DISTORTION
  • SPLIT DOGS
  • STARBENDERS
  • SUGAR
  • THE ADICTS
  • THE DAMN TRUTH
  • THE DEL FUEGOS
  • THERAPY? plays ‘Troublegum’
  • TROPICAL FUCK STORM
  • VOIVOD

Aurre-salmentako bonu esklusiboa: 125 €+ gastuak
Fan bonua: 130 €+ gastuak
Salmenta orokorra: 140 €+ gastuak
Kuadrilla bonua: 104 €+ gastuak (5 bonu erosita 6 jasoko dira).
Urtarrilaren 5era arte egongo da eskuragarri.
Gaztea bonua: 100 €+ gastuak (24 urtetik beherakoentzat, ezinbestekoa da NANa aurkeztea jaialdira sartu ahal izateko).
14 urtetik beherakoek sarrera doan (formulario bat bete behar da aldez aurretik)

Detalles

Comienza:
junio 18, 2026
Finaliza:
junio 20, 2026
Categoría del Evento:
Web:
https://www.kulturklik.euskadi.eus/ekitaldia/2026/06/18/azkena-rock-festival-2026/webkklik00-detalle/eu/

Local

Mendizabala
Vitoria-Gasteiz, Álava 059 España