Bakioko 2025eko Anarru Eguna martxoaren 8an izango da.
Anarru Egunaren ohitura ikasleen artean ezagutzera emateko asmoz, unitate didaktibo bat ekoitzi du Bakioko Udalak. Beraz, ariketaren eta jolasaren bidez herriko historian murgiltzeko aukera eskainiko du. June Markaida bakiotarrak sorturiko unitatea da, udalak finatzatu duena, eta Itxas-alde dantza taldeak eginiko ikerketa dauka oinarrian. Lehen hezkuntzan lantzeko moduko ariketak ditu: memoria-jolasak, koloreztatzeko txantiloiak, irakurgaiak, ulermen galderak, gurutzegramak… Gainera, irakasleei zuzendutako giden atal bat ere badauka.
Bakioko tradizioan oinarrituta, aratuste herrikoiak berreskuratu zituzten iaz herrian. Izan ere, Itxas-Alde dantza taldeak urtero Euskal Herriko inauteriren baten eszenaratzea egin ostean, Bakioko historian arakatzen hasi eta konturatu ziren herrian bertan ere bazegoela aratusteak ospatzeko ohitura berezi bat: anarruena. Herrian anarruak irteten ziren kalera, baserri eta auzoetako bideetara, iluntasuna lagun. Antzina “anarru” hitza “mozorroa” izendatzeko erabiltzen zen, eta herriko aratusteetako pertsonai nagusiari ere “anarru” deitzen zitzaion. Berba horrek badu berezitasuna, Bakion bakarrik erabili izan delako.
Iazko Anarru Egunak harrera ona izan zuen eta aurten ere ospakizuna egingo dute martxoaren 8an. 17:00etan kalerik kale ibiliko dira antzezpenean eta jai giroan, eta ostean erromeria egongo da Enderika plazan. Hainbat anarru edo mozorro aukera daudenez, domeka honetan, hilak 23, horietxek prestatzeko tailerra eskainiko dute Ibarretan, 11:30etik aurrera. Hurrengo erreminta eta materialak ekartzeko deia egin dute: artaziak, bala haria, zaku tela, lastozko txanoa, zintzarriak, narru zatiak, eta oihal zuria, fina edo normala.