
Udazkeneko hitzorduari leial, azaroan 2an, igande honetan, hasiko da Ordizian BARROKO AIRE, Musika Barrokoaren egunak jaialdiaren XL. ekitaldia. Ohi bezala, herriko Parrokian Azaroan zehar igandero kontzertuak egingo dira 18:30etan eta sarrera doakoa izango da.
Ziklo hau Ordiziako udalak antolatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin eta aurten 40.urteurrena denez, ahalegin berezia egin da puntako musikariak Ordiziara ekartzeko.
Aurtengo egitaraua azaroaren 2an, igande honetan irekiko da. GFAk antolatzen duen Gipuzkoako organoak zikloarekin uztartuz, Miranda de ebron jaiotako Alberto Saez organista izango da gurean. Besteen artean, Ura bere Bidean jaialdiko musika-koroaren zuzendaritzan aritzen da lanean eta orkesta garrantzitsu askotako kide izan da.
Azaroaren 9an, Openbrass taldea izango da gurekin. Metalezko instrumentuak, hiru tronpeta, tronpa, tronboia eta perkusioz lagundutik, jaialdi honetarako bereziki prestatu duten Baroque Music through OpenBRASS!! programa eskainiko digute.
Azaroaren 13an, Ordizian behin baino gehiagotan izan dugun Musbika Ensemble formazioaren txanda izango da. «Frai Frantzisko Kuruzelegi (Kruzelaegi) Askarraga: Euskal Konpositore Ahaztua» obra aurkeztuko dute. Elgoibarren jaiotako Kuruzelegi musikagile bikaina izan zen, baina bere lana Euskal Herrian ia ezezaguna da. Bere musika Mexikon gorde eta interpretatu da, han baloratua izan delarik.
Musbika Ensemble-ak haren obra berreskuratzeko proposamena aurkeztuko du Ordizian. Meza Bizkaitarra, Magnificat eta Laudate Dominum bezalako piezek Kuruzelegi-ren konposizio aberastasuna erakutsiko dute, haren sustrai euskaldunak eta Ameriketan izan zuen eragina uztartuz. Euskal musikaren historian merezitako lekua berreskuratzeko aukera aparta izango dugu «Barroko Aire» jaialdian.
Azaroaren 23an Voce Umana taldea izango da. Talde honek instrumentu istorikoak ekarriko ditu gurera. Cornetto tenorea, serpentoia bezalakoak joko dituzte eta publikoa begiak itxiz euren doinuez kontatuko dituzten istorietan barrena garraiatuko dute.
Eta edizio honi amaiera emateko, azaroaren 30ean, aurten ere bere 40.urteurrena ospatzen ari den herriko Oroith abesbatzaren kontzertu berezia izango dugu. Tolosako Hodeiertz eta Errenteriako Andramari abesbatza eta orkestrarekin elkarlaenean mimo handiz prestaturiko obra aurkeztuko dute “SACRAE HARMONIAE, Allegri eta Scarlatti-ak”, urte osoan urteurrena ospatzeko egindako ekintzak bikaintasunez borobilduz.
Urteurreneko berezitasun moduan, azken lau kontzertuetan familientzako entsegu irekiak eskainiko dira. Familiek kontzertua eskainiko duten taldeekin egoteko aukera izango dute, saio motzago bat izango da, eta bertan instrumentuak eta bitxikeriak azalduko dituzte.
Saio bakoitza berezia izango da, talde bakoitzak bere modura planteatuko duelako”, 16:30-17:00 izango da ordutegia, eta haurrek heldu batekin lagunduta joan beharko dute.
Horrela dei egiten diegu punta puntako musikari eta kontzertuez gozatzera Ordiziako Barroko Aire jaialdira etortzeko.
Egitaraua:
Kontzertu guztiak 18:30ean izango dira, Ordiziako Parrokian.