Cargando Eventos

« Todos los Eventos

BBK Artearen Ibilbidea: «Animaliategia»

octubre 26 - noviembre 1

BBK Artearen Ibilbidearen zazpigarren edizioan, Animaliategia izenburuarekin, museoaren bildumako 38 artelanen erreprodukzioak bildu dira. Denetan, animaliak dira protagonistak. Erakusketan artista, garai eta teknika desberdinetako aleak daude: margolaritza, grabatua, kartela, arte aplikatuak…

Komisario-lanak José Luis Merino Gorospek, museoko Antzinako Artearen kontserbatzaileak, egin ditu, eta berak hautatu ditu ibilbiderako obrak, zeinetan agerian jartzen den animalien irudikapenen balio alegorikoa, artearen narrazio-dimentsioa indartzen baitute deskripzio hutsetik harago.

Historian zehar, animalien irudikapenak funtzio sinbolikoa izan du, gizakien dohainei eta akatsei lotua maiz. Testuinguru horretan, Jupiter jainkoaren figura mitologikoa dugu protagonista Paul de Vos eta Jacob Jordaens flandriar margolarien konposizioetan, oinarrizko senak ezkutatzen duen indarkeriaren erakusgarri, zezen baten eta erdia gizon erdia ahuntz den satiro baten formekin.

Iruditeria horrek Espainiako arte garaikidean iraun zuen, eta tauromakiak zeregin sinbolikoa hartu zuen: Luis Fernándezen obran Gerra Zibilaren metafora bihurtu zen, Picassoren oihartzun eta guzti, eta Ignacio Zuloagarenean, berriz, zaldi zaurituak sakrifizio-izaera du.

Ikuspegi horri kontrajarrita, José Arrue eta Aurelio Arteta artistek gizakien eta animalien arteko harmonia-eszenak sortu zituzten beren margolanetan. Bestalde, espeziea gizatiartzeak berezko genero bat sorrarazi zuen, moralizatzailea Paul de Vosen hegaztien kontzertuan, eta animalienganako errespetu zintzoaren adierazle Rosa Bonheur artistaren lanean.

XX. mendean “sinbolo mintzoduna” baliabide ikonografikoa eguneratu zen, pertsonaia bat ezagutzeko edo kalifikatzeko. Hartara, R. B. Kitaj margolariaren mihisean, Picasso gazteari egozten zaion eta bi katu dituen mugikorrak –Bartzelonako Els Quatre Gats kafetegiaren ikurrak– iradokitzen du erretratatutako emakumea intelektuala dela.

Argazkilaritzak ere baliatu izan du lengoaia sinboliko hori. Alberto Schommerrek egindako José Hierro poetaren erretratuan, sorgin-orratzek eta tximeletek eraldaketa dakarte gogora. Motibo hori Francisco Durrioren burdinazko hileta-hesian ere badago. Bestalde, Richard Avedonek egindako Ringo Starren erretratuan, uso zuriak adierazten ditu beatlemaniarekin eta 60ko hamarkadaren bukaerako kontrakulturarekin lotutako balioak. Bi hamarkada geroago, Guerrilla Girls taldeak beste esanahi bat eman zion ikonografia klasikoari, feminismoaren ildoan, Venus bat gorila-mozorro batez estalita agertzen den kartel ospetsu batean.

Azkenik, eta abangoardian, Mimmo Paladinok eta Joseph Beuysek animalien espirituaren bizitasun arkaikoa berreskuratu zuten beren obretan.

2020tik, La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbideak museoaren zabalkunde- eta hezkuntza-lana darama haren egoitzatik kanpo, kultura artistikoa sustatzeko eta bere ondarearen oparotasuna eremu publikoetan ezagutarazteko helburuarekin.

Edizio bakoitzean, ekimena gailu mugikor batean gorpuzten da, bildumako artelanak zehaztasun handiz erreproduzitzen dituzten zenbait panelek osatuta. Irudien alboan obra bakoitzari buruzko iruzkinak ikus daitezke, euskaraz eta gaztelaniaz. Maiatzatik abendura, astero herri berri bat bisitatuko du.

Local

Espacio Errekalde
Bilbao, Bizkaia 020 España