Urtero bezala, Bilbao BBK Live jaialdiak bere irismena Bizkaiko hainbat udalerritara zabaltzen du Kobetamendiko hitzordu nagusiaren aurretik, Herrian eta Hirian ekimenen bidez. 2025ean, Amorebieta-Etxano izango da Herrian egitasmoaren helmugaetako bat, eta maiatzaren 24an musika zuzenean izango dugu herriko kaleetan, doako kontzertuekin eta musika-denboraldiari hasiera emango dion jardunaldi paregabearekin.
Egitarau osoa gaur goizeko prentsaurrekoan aurkeztu da, eta bertan izan dira Ainhoa Salterain, Amorebieta-Etxanoko alkatea; Nora Sarasola, BBK Gizarte Ekintzako zuzendaria; eta Libe Mancisidor, Industrias Sortzaileen Fundazioko zuzendaria. Hirurek maiatzaren 24ko musika-edukiak zehaztu dituzte eta, aldi berean, kulturak gizarte eta kohesio eragile gisa duen zeregina nabarmendu dute.
Datorren maiatzaren 24an, beraz, gustu eta adin guztietarako pentsatutako musika programazio osoa hartuko du udalerriak, kalean bertan biziko den jai egun ireki batean. Ekitaldia BBK Fundazioak eta Industrias Sortzaileen Fundazioak sustatu dute, Bilbao BBK Live jaialdiarekin batera.
Programa musikal zabala eta askotarikoa
Estatuko musika eta euskal eszenako izen nabarmenak biltzen ditu kartelak. Pop ironiko eta dantzagarritik punk borrokalarienera, soinu elektronikoetatik, rocketik, garagetik eta sustraia eta abangoardia arakatzen dituzten emakumezko ahots berrietatik igaroz.
Honen artean, Colectivo Da Silva nabarmentzen da, kolore eta umorez beteriko poparekin lehen aldiz Euskal Herrira iritsiko dena disko berria eskuan; Leihotikan, euskal punkaren adierazgarriak; eta Los Deltonos, estatuko rock-aren erreferente direnak. Gainera, Rakky Ripper, gaztelerazko hyperpoparen aitzindaria; Marilia Monzón, ukitu folkloriko eta sentikorreko ahotsa; eta Tiburona, garage rockean energia hutsa diren hirukotea arituko dira herriko eszenatokietan.
Kartela osatzeko, S T R-ren elektronika punk, Pauline en la Playa-ren pop intimoa eta VVV [Trippin’ You]–ren postpunk erritmoak izango dira entzun ahal izango diren beste proposamen batzuk.
Sarrera librea izango da eta eszenatokiak udalerrian zehar banatuta egongo dira, beraz, musika eta jaialdi giroaz gozatzeko aukera ezin hobea izango dute bai musikazaleek bai herriko bizilagunek.