Bilboko Udal Musika Bandak Areatzako Kiosko maitatua doinuz beteko du bihar, maiatzak 30, ostirala, 19:00etan, hiriko bizilagunak eta bisitariak hunkituko dituen kontzertu batekin.
«Arratsalde gasteiztarra» izenburupean, programak erregistro aldaketa dakar Bandaren udaberriko programazioan. Oraingo honetan, Luis Orduña Ridruejok zuzenduko du, Gasteizko Udal Musika Bandaren egungo zuzendariak.
Oso emanaldi berezia izango da, Bilboko Bandak lehen aldiz interpretatutako zenbait obra biltzen dituen errepertorioarekin, baita erabateko estreinaldi batekin ere. Kontzertuak Euskal Herriko eta Estatuko musika eszenari lotutako konposizio garaikideen aukeraketa zaindua eskainiko dio publikoari: Eduardo Morenoren “Obertura” (2017), Tomás San Miguelen “Tránsitos” (2025, estreinaldi absolutua), Joselu Ruiz de Gordoaren “La danza de las estrellas” (2020), J. Vicent Egearen “Poema Gasteiztarra” (2022) eta Silvia San Miguelen “Renacimiento” (2023).
Ekainaren 6an «Frantziako haizeak» emanaldiaren txanda izango da, Iñaki Urkizu Bandako zuzendariordearen gidaritzapean.
Luis Orduña Ridruejo (Barañain, Nafarroa. 1980) orkestra zuzendaria, ikertzailea eta irakaslea da, eta ibilbide sendoa du Euskal Herriko eta Nafarroako banda eta abesbatzen esparruan. Besteak beste, Galdakaoko «Da Capo» Musika Banda, Durangoko «Tabira» Musika Banda, Zumarragako Musika Banda eta Tolosako Santa Maria Kapera zuzendu ditu. Zuzendari gonbidatu gisa, hainbat talderekin kolaboratu du, hala nola Valentziako, Bilboko, Santanderreko edo Iruñeko udal-bandekin, Liceuko Banda Sinfonikoarekin eta Donostiako Orfeoiarekin, Arabako Koru Sinfonikoarekin edo Barañain Abesbatzarekin. Bere ikuspegiak interpretazio zorrotza eta euskal ondare musikalaren berreskurapena uztartzen ditu, Eduardo Mocoroa eta Bartolomé Ercillaren lanen edizio kritikoan egindako lana nabarmenduz.
Tubako Goi Mailako Irakaslea da Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan eta Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan (ESMUC) prestakuntza handitu du. Aldi berean, Soziologiako Lizentziatura egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Ondoren, Orkestra Zuzendaritzako Gradua lortu zuen Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian. Gaur egun, doktorego-ikasketak egiten ari da Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Musikologia Sailean, eta Eduardo Mocoroaren figura du ardatz.
Bere ibilbidean zehar, taldeentzako ehun konposizio ingururen estreinaldia zuzendu du, Jacob de Haan, Otto M. Schwarz, Óscar Navarro, Aldo Forte, Vicente Egea, Sara Galiana, Ferrer Ferrán eta Ernesto Aurignac konpositore garaikide nabarmenekin elkarlanean. Halaber, Frits Damrow, Jamie Williams, Annelien Van Wauwe, José Antonio Masmano edo Steven Lin instrumentista garrantzitsuak zuzendu ditu, baita Andeka Gorrotxategi, Vanessa Goikoetxea, María Hinojosa eta Jone Martínez abeslariak ere. 2020ko otsailaz geroztik, Gasteizko Udal Musika Bandako zuzendari titularra da, eta karrerako funtzionario ere bada.