Bilboko Udal Txistulari Bandak beste proposamen artistiko bikain batekin taularatuko da otsailaren 19an, oraingoan Quim Moya kataluniar artista ezagunarekin elkarlanean. Elkarrekin «Lainoen artean» eskainiko dute, musika eta ilustrazioa uztartzen dituen zuzeneko ikuskizuna, fantasiazko eta irudimenezko mundu batera eramango dituen gaua-aldia sortuz. Eriz Pérez Egiluzek (gitarra) eta Amaiur Cajaravillek (baxua) ere parte hartuko dute.
Quim Moyak, «artist speed and live painting» lanetan espezializatua, publikoa liluratuko du bere zuzeneko pinturarekin, txistularien musikarekin hitz egingo duen proposamen bizia eta dinamikoa. Bi lengoaia artistiko horien konbinazioak fusio berritzaile batez gozatzeko aukera emango du, non sormena eta inprobisazioa protagonista izango diren.
Ikuskizuna otsailaren 19an izango da, asteazkena, 19:00etan, Euskalduna Jauregian. Sarrerak eskuragarri daude leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan.
Txistularien boskotea, martxoaren 4an igoko da berriro oholtzara, “Hariak” izeneko ikuskizunarekin. Kasu honetan, inauterietako kontzertua izango da eta tradizioari eutsiz, emanaldia Plaza Barrian izango da, eguerdiko 12:30etan. Picuentos Txotxongilo konpainiaren eta Garazi Navas akordeoi jotzailearen lankidetza izango du Bandak.
Eta apirilaren 2an, asteazkena, 2024/2025 denboraldiari agur esateko momentua iritsiko da, Campos Elíseos Antzokiko eszenatokian, txistulariak eta dantzariak uztartuko dituen “EI, TXISTULARI!” ekitaldia ospatuko da. Publikoak euskal kulturaz eta tradizioez goza dezan doinu, koreografia eta antzerki-elkarrizketekin hornitutako ikuskizuna.
QUIM MOYA
Artista bisual eta abangoardista, sortzaile honek arte desberdinen aukerak aztertzen ditu, pinturarekiko ikuspegi berezi batekin. Kataluniako hainbat arte-eskolatan trebatua, komunikazio grafikoan, diseinuan eta multimedian espezializatua, Cal Gras Ekoizpen Artistikoko Zentroa zuzentzen du. 2006an Cía. Cándida sortu zuen, zuzeneko pintura ikuskizunak egiten dituen konpainia, eta jaialdi eta proiektu ospetsuetan parte hartu du, Robin Banerjee, Fermin Muguruza, Rita Ora, Christina Aguilera eta Joan Garriga bezalako artistekin agertokia partekatuz, besteak beste. 2012az geroztik bakarkako ikuskizuna garatzen du, bere artea Espainiako eta nazioarteko eszenatokietara eramanez, Frantzia, Alemania, Maroko, India, Thailandia, Qatar, Hegoafrika, AEB eta beste hainbat herrialdetan emanaldiak eginez, ibilbide berritzaile eta globala sendotuz. Gainera, bere lengoaia artistikoa eskaini du Mercedes, Wella, SAP, Vodafone, Maserati, Huawei, Citroën, Telecom, Irizar, Marlboro, Schwarzkopf, Audi, Cadillac, BASF, FIFA, Novartis edota FC Barcelona markentzat, baita telebistan (TV3, La Sexta eta Cuatro)…
BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA
Gorka Zabaleta, Idoia Kareaga, Sabin Bikandi, Asier García eta Peio Irigoien musikariek osatzen duten egungo Bilboko Udal Txistulari Banda, Gorka Zabaletaren zuzendaritzapean, hasieratik nabarmendu da emanaldien kalitateagatik eta aniztasunagatik.
Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.
Bandak baditu sei disko eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin “Gogoeta” eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.
Taldeko kide bakoitzari buruzko informazio zehatzagoa: www.bilbaomusika.eus