Bilbo eta Bizkaia izango dira, ostera ere, musikaren industriaren nazioarteko topagune nagusi, BIMEren beste edizio batekin. Euskalduna Bilbao jauregian izango da BIME Pro barruko jarduera profesionala, hau da, elkarrizketak, tailerrak, masterclassak eta networkingak, aurtengo agenda inoiz baino zabalagoa, espezializatuagoa eta nazioartekoagoa izanik. Programazio profesionalari amaiera emateko, hilaren 30ean AUPA! sariak banatuko dira, musikaren sektoreko ekimen eta ibilbide inspiratzaileenen omenez, eta, ondoren, agur esateko koktel bat. BIME Live ekimenak, berriz, zuzeneko musika hiriaren erdigunera eramango du, urriaren 31ra arte luzatuko den programazio zabalarekin. Gauero, BIME Pro ekimenen ondotik, Iberoamerika osoko artistek beren proiektuak aurkeztuko dituzte showcaseetan, hau da, formatu txikiko emanaldietan, industriako profesionalek eta publikoak, oro har, egungo panoraman proiekzio handiena duten musika-proposamenak ezagutzeko aukera izan dezaten.
BIME Pro: ahots handiak garapen artistikoa birpentsatzeko
BIMEko agenda profesionalean nazioarteko erreferente handiak eta sektoreko funtsezko figurak bilduko dira. Rubén Blades latinoamerikar musikaren eta saltsaren historiaren legenda, esate baterako. Generoak eta mugak gainditu dituen ibilbidean 24 Grammy sari eta Espainiako Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina jaso dituen panamarrak hausnarketa egingo du aldaketa-garaietan bete zuen eginkizunaren gainean, edizio honetako elkarrizketa garrantzitsuenetako batean. Egungo pop latinoaren erreferente den Mau y Ricky bikote venezuelarrak sormenezko dupla gisa izandako esperientzia partekatuko du, beren ibilbidean diziplina eta musika eta artearen ikuspegi kolaboratiboa izan baitira nagusi. Indar eszenikoagatik eta konpromiso sozialagatik ezaguna den Mon Laferte txiletar artistak ere bat egingo du programazio profesionalarekin. Leire Martínez izango da protagonistetako bat, bakarka itzuli baita musikaren mundura 15 urtez baino gehiagoz La oreja de Van Gogh taldearekin batera lehen mailako ibilbidea egin ondoren; bilakaerari eta identitate artistikoari buruz hitz egingo digu. Honako hauek ere izango ditugu: Valeria Castro, gaztelaniazko autore-abesti berriaren ahots hunkigarrienetako bat; Zahara, pop alternatiboaren erreferentea; Álvaro Rivas, Alcalá Norte taldeko abeslaria, Francisca Valenzuela artista txiletarra; Mat Alba argentinar prodijio gaztea; Lara91K argentinar rap-abeslaria, Esteban Rojas kolonbiarra, eta Jesse Baez guatemalar kantautorea.
Programazioa osatzeko, nazioarteko beste izen hauek aipatuko ditugu: Anele Onyekwere, bi aldiz Emmy saria irabazi duen andaluziarra eta Marvel Studiosen musika eta soinu-banden ekoizpena gainbegiratzeaz arduratzen duena, Avengers: Endgame, Black Panther edo WandaVision bezalako lan enblematikoak atzean dituena; Kareen Saurí ekoizle kreatiboa, Rosalía eta Dua Lipa artisten bideoklipen sortzaile; Adel Hattem Levy, nazioartekotzean aditua, Radiohead, Mitski edo Jungle artista globalak Latinoamerikan posizionatzen bi hamarkadaz baino gehiagoz aritu dena; Lewis Jameson, larrialdi klimatikoaren aurrean musikaren industria mobilizatzen duen Music Declares Emergency etxean CEOa; Pepe del Río, sortzaile/CEO Sesh etxean, Forbes 2025 “30 Under 30” zerrendan agertu dena artisten eta zaleen arteko loturan iraultza ekarri duelako; Christine Osazuwa, Measure of Music etxearen sortzailea; eta David Torreblanca, Montrealgo Jazz Jaialdiko COO eta booking-arn burua.
BIME ekimenaren babesle dira Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila, Lanbide, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Saila, Bilboko Udala (Bilbao Ekintzaren bitartez), Espainiako Gobernuaren Kultura Ministerioa, BASQUETOUR Turismoaren Euskal Agentzia; Kolonbiako Kultura, Arte eta Jakintzen Ministerioa; Bogotako Alkatetza Nagusia, eta Comfamako ELPAUER, besteak beste. Horien guztien babesari esker, indartu egiten da BIMEk kultura eta musika sustatzeko plataforma estrategiko gisa betetzen duen zeregina.
Sorkuntzarako, prestakuntzarako eta ekintzailetzarako gunea
Sektorearen beharrekin bat datorren programazio espezializatua sortzeko asmoari jarraikiz, artistentzat eta sorkuntzan aritzen diren lantaldeentzat bereziki pentsatutako sorkuntzarako gune bat antolatuko dugu BIMEren edizio honetan. Prestakuntza, tailer praktikoak eta writing campak, diziplinarteko lankidetza bultzatzeko eta sormen-prozesuan urrats bat aurrera egin nahi dutenei tresna zehatzak eskaintzeko.
BIME Campus, bestalde, musikaren industrian hasi nahi dutenei eta ezagutzak eguneratu nahi dituzten profesionalei zuzendutako topagunea izango da. Hub bat talentua, ikaskuntza praktikoa eta belaunaldien arteko lotura uztartzeko; bertan, hainbat gai landuko dira, hala nola inpaktua duten proiektuak aurkezteko gakoak, artista anglosaxoiak merkatu latinoan ezagutarazteko estrategiak, nola konektatu Latinoamerikako publikoarekin independentziatik, edo sormen-zuzendaritzako prozesuak.
BIMEk, gainera, kultur ekintzailetzarekin duen konpromisoa indartzen du BIME Startup! ekimenaren bitartez, musikaren industrian inpaktua duten proiektu berritzaileak bultzatzeko gunea den aldetik. Jasangarritasunari eta inpaktuaren neurketari bereziki erreparatuta, edizio honetan arrastoa uzten duten ideia eraldatzaileak izango dira ardatz. Ekintza nagusietako bat Startup Competition ezaguna izango da; urriaren 30ean egingo da, eta hainbat sari banatuko dira, hala nola Startup Competition 2025 eta IMPACTO! saria.Lehiaketa honetan parte hartzeko epea zabalik dago jada, eta esteka honetan eman behar da izena. Gainera, hautatutako proiektuek Village ekimenean parte hartuko dute, erakusketak eta loturak egiteko gunean, proiektu horien hazkundea bizkortzeko diseinatutako jarduerak eginda. Esparru horretan, BIMEk bat egin du Fundación Daniel y Nina Carasso fundazioarekin, kulturan oinarrituta gizartean eta ekologian inpaktua eragiten duten ekintzaileei laguntzeko.