
Azaroan zehar, La Encartada Fabrika-Museoak (Balmaseda) ateak irekiko ditu urteko ohiko hitzorduaren beste edizio bat ospatzeko: «Azaroa: Erakustaldien hila.» Ekitaldia azaroaren larunbatetan egingo da (hilak 8, 15, 22 eta 29), eta, hari esker, bisitariek aukera paregabea izango dute hamarkada askotan eskualdeko industriaren motorra izan zen ehungintzako makineriaren historiara eta funtzionamendura hurbiltzeko.
Programazioa hilaren 8an abiaraziko da, konponketa eta doitze erakustaldi berezi batekin. Miguel Ángel Martínez Vítorrek erakutsiko du bi emanalditan,11:00etan eta 12:15ean, anezketarako trama harilkatzeko kanilari bat konpontzeko behar den guztia diseinatu eta egiteko prozesu zehatza. Makina txiki horri -duela gutxi jaso du museoak dohaintzan— higiduragatik egoera txarrean dituen piezak ordezkatu behar zaizkio, eta Vítoresek erakutsiko du nola egin lan horretako urrats guztietako bakoitza.
Astebete geroago, hilak15, Ninet & Co etxeko ehungailu mekanikoa jarriko da martxan, hiru saio jarraitutan. Kataluniako jatorria duen makina automatiko hori 1905-1906 inguruan fabrikatu zen. Laurentino de Cabo Cordero arduratuko da ehungailuak nola funtzionatzen duen erakusteaz, eta haren erabilera historikoa azalduko du, batez ere, tapakiak egiteko.
Hurrengo larunbatean, azaroak 22, María Pérezek, La Encartada fabrikako langile ohiak, trikotatzeko makinen funtzionamendu hutsetik harago doan erakustaldia eskainiko du, ondo ezagutzen duen makineria baita. Maríak bi hamarkadatan txapelak trikotatzeko sekzioan bizi izan zituen lan-berezitasunak eta -baldintzak azalduko dizkio publikoari. Jarduera hori bi emanalditan eskainiko da, 12:00etan eta 13:00etan.
Azken erakustaldia hilaren 29an egingo da, larunbatean, eta ehunen ertzak josteko makinari buruzkoa izango da. Fabrika zaharrarekin lotura estua duten bi pertsonak txapelen muturrak lotzen dituen makina delikatu horrek nola funtzionatzen duen erakutsiko dute, eta, horrez gainera, irakatsiko dute sokak txirikordatzeko eta jantzi hori definitzen duen erremate-errabitu bereizgarria aplikatzeko teknika. Saioa 11:30ean egngo da.
Erakustaldi horietara joateko, ezinbestekoa da aurretik erreserba egitea, 94 680 07 78 telefonora deituta edo laencartada@bizkaia.eus helbidera idatzita. Plaza-kopurua mugatua da; beraz, aldez aurretik erreserbatzea gomendatzen da.
Ekimen honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak La Encartada Fabrika-Museoaren bitartez, berresten du Bizkaiko industria-ondare aberatsa kontserbatu, balioetsi eta zabaltzeko hartu duen konpromisoa. Erakustaldi horien bidez, aukera aparta eskaintzen da bertatik bertara ezagutzeko lurraldeko ehungintzaren historia eta teknologia, bai eta industri hori bultzatu zuten pertsonak ere.