Ortzadar LGBTk, Bilboko Udalaren laguntzarekin, bisita gidatuen urteko egutegia aurkezten du. Egutegiak, estreinako aldiz, programazio finko bat eskainiko du uriko eta Euskadiko LGBTI+ kolektiboaren historia ezagutzeko. Hainbat urtez bisita horiek noizean behin programatu ondoren, 2025ean ibilbide historiko hori erregulartasunez egiteko aukera iritsi da, hilabete guztietako hirugarren larunbatean. Ekimen honek, ondare bat partekatzea ez ezik, belaunaldien, emozioen eta oroitzapenen arteko zubiak eraikitzea bilatzen du.
Bisitak ikerketa historiko zorrotz batean oinarrituta diseinatu dira, eta, horri esker, Bilboko hainbat espaziotan bi ibilbide bereizi egin ahal izan dira. Lehenengoak, «Euskadiko LGBTI+ kolektiboaren historia» izenekoak, LGBTI+ eskubideen aldeko borrokaren mugarri garrantzitsuenen ikuspegi kronologikoa eskaintzen du, eta bilakaera horren funtsezko uneak sakon ezagutzeko aukera ematen du. Bigarren ibilbidean, «Kultura, aisia eta giroa«, azaltzen da nola LGBTI+ pertsonek euren lengoaia berezia (bai bisuala, bai gorputzarena) sortu zuten, zentsura eta jazarpen giroan elkar identifikatu ahal izateko, eta nola kultura eta aisialdia erresistentziarako eta babeserako funtsezko tresna bihurtu ziren. Bi ibilbideotan, ikusgarritasun berezia ematen zaio LBTI+ emakumeen eta trans pertsonen borrokari: askotan ez dira guztiz ordezkatuta egon LGBTI+ borrokan, baina haien ekarpena funtsezkoa izan da berdintasunerako bidean.
Bisitaldia talde txikietan egingo da (25 lagun gehienez), esperientzia hurbilago eta pertsonalizatuagoa izan dadin. Bisitek 3 euroko prezio sinbolikoa izango dute, eta www.BilbaoBizkaiaPRIDE.com web-orriaren bidez erreserbatu ahalko dira. Edozein zalantza argitzeko edo kontsulta egiteko, interesdunak antolatzaileekin harremanetan jar daitezke visitasguiadasLGBT@ortzadarlgbt.eus helbide elektronikoaren bidez.
Guztira, 15 bisita gidatu eskainiko dira. Bisiten egutegia maiatzaren 17ko 13:00etan hasiko da, LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunean. Gainerako bisitak hilabete bakoitzeko hirugarren larunbatean egingo dira, 12:00etan, egun hauetan: ekainaren 21ean eta 22an, uztailaren 19an, abuztuaren 23an eta 24an, irailaren 20an, urriaren 18an, azaroaren 15ean, eta abenduaren 20an eta 27an. Gainera, jende gehiago etortzen den egunetan, hala nola Harrotasunaren Egunean (ekainean), Aste Nagusian eta Gabonen inguruan, euskarazko bisitak eskainiko dira, ibilbide historiko horren eskaintza oporraldietan zabaltzeko.
Bisitak gida profesional batek egingo ditu, kalitatea eta zehaztasuna ziurtatuz. Gainera, une historiko horiek bizi izan zituzten pertsonek azaldutako testigantza errealak jasotzen dituen ikus-entzunezko materiala egongo da. Horri esker, parte-hartzaileek, gertaerak ezagutzeaz gain, gure Herrian LGBTI+ kolektiboaren bilakaera markatu zuten emozioa, borroka, erresistentzia eta itxaropena sentituko dituzte.
Bisita gidatuen helburua da gizartea sentsibilizatzea LGBTI+ kolektiboaren historiaren garrantzi sakonaz, omenaldi zintzoa eginez errepresioaren eta bidegabekeriaren aurka gogor borrokatu zirenei, Stonewalleko istilu ausartetatik hasi eta eta Euskadiraino. Aldi berean, kausa horretan irmo sinetsi zuten pertsona jakin batzuen lana aitortu nahi dugu, hala nola Ángel Cuerda Gasteizko alkatearena, 1994an izatezko bikoteen erregistroa onartu baitzuen, homosexualak barne, edo borroka horren mugarriak, hala nola Berdindu Zerbitzuaren sorrera 2002an edo «Euskadiko Trans Lege» aitzindariaren onarpena 2012an, Eusko Legebiltzarrean.